Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aspek ez dauka Aritz Lasarentzat lekurik

Asteartean jokatuko du aurrelari urretxuarrak, Arrasaten, bere zazpi urteko ibilbideko azkeneko partida.

Atzeko atetik egin zuen profesionaletarako saltoa –afizionatuetan txapel ugari eskuratu arren Frontisen bi urte eman behar izan zituen Aspek bere ateak ireki ziezazkion– eta zarata handirik egin gabe utziko du mundu hau Aritz Lasa aurrelari urretxuarrak. Atzo jakinarazi zion Eibarko enpresak datorren asteartean Arrasaten jokatuko duen partida –Erostarbe herrikidearekin programatu dute– izango duela zazpi urteko ibilbideari amaiera emango diona.

Hilabete inguru zeraman Lasak enpresarekin hizketan, baina erabakiak ez du inondik inora ezustean hartu aurrelaria. Bere burua fisikoki eta jokoz jarraitzeko moduan ikusten duen arren, «badakit ni bezalakoek gero eta leku gutxiago daukagula enpresaren gaur egungo politikan. Izarrak eta gazteak, aurpegi berriak behar dituzte. Hori da euren oraingo nahia», azaldu zion GARAri urretxuarrak.

32 urterekin, txapelketa nagusietan lekurik gabe –hala ere, Lau eta Erdikoan jokatu duen guztietan gainditu du lehen kanporaketa–, urretxuarrak onartu du «motibazio gutxi» sentitu duela zenbaitetan. Izan ere, azken urteak gogorrak izan dira aurrelariarentzat. Esaterako, uda honetan oso partida gutxi jokatu ditu, abuztu osoan bi baino ez eta une txar hauetan «enpresatik kanpo» ere sentitu izan du bere burua.

Hori bai, zazpi urte eta 354 partida hauetan egindakoarekin lasai eta gustura amaitzen omen du. «Nik beti egin dut nire lana, enpresak behar izan nauen guztietan prest izan naiz. Batzuetan gauza batzuk hobeto egingo nituen, beste batzuetan okerrago, baina beti barruan nuen guztia eman dut eta alde horretatik lasai nago».

Agurraren ordua

Erik Jakaren lau hilabeteetarako lesioak ateren bat ireki ziezaiokeen arren, badirudi enpresak nahiago duela Aitor Elordi aurrelari mallabitarrari leku egitea eta San Tomas egunean jokatuko du bere azken partida Aritz Lasak. Aukeran eman izan baliote, etxean, Santa Lutzi egunean amaitu nahi izango zukeen, baina asteartean –lanegunez Arrasatetik kanpo– izan beharko du.

Izan ere, herrian jokatutako estelarrak eta lagun eta zaleak urte hauetan guztietan aldamenean eduki izana dira, Promozioko buruz buruko txapelarekin batera, Aritz Lasari pilotari profesional etapa honek uzten dizkion oroitzapen onenak. «Lehen mailan aritu edo bigarrenean, Urretxuko jendea beti alboan izan dut eta une txarrak ere egon badira ere, horiekin geratu nahi nuke».

Etorkizunaren inguruan ez du oraindik gehiegi pentsatu eta momentuz «gauzak lasai hartu eta egoera berrira ohitu nahi du». Aspaldian izan ez dituen «oporrak» bikotearekin bidaia bat egiteko aprobetxatu nahi lituzke. «Berak bai izan duela meritua urte hauetan guztietan nire ondoan aguantatzen».

Erik Jaka hasi da egunak zenbatzen

Epe zehatzik ez dio jarri nahi bere itzulerari, baina ebakuntza egin eta etxera bueltan, lanean hasteko geratzen zaizkion egunak zenbatzen ari da dagoeneko Erik Jaka lizartzarra. Astelehenean pasatu zen kirofanotik aurrelaria eta lau bat hilabete eman beharko ditu, gutxi gorabehera, kantxetara itzuli aurretik.

Jose Javier Zabaletak izandakoaren antzeko lesio bat du Jakak eskuin orkatilan. Udan birritan bihurritu zuen eta ia bi hilabetez geldirik egonda, minik ez izatea lortu arren, sekula ez zuen berreskuratu lehengo indarra. Izan ere, azaldu duenez, «pilota batzuk defendatzerakoan beldurra sentitzen nuen, ezegonkortasuna eta mugimenduaren arabera mina ere bai».

Promozioko Lau eta Erdikoa amaitutakoan egindako erresonantziak erakutsi zuen guneak ez zuela hobera egin eta orduan erabaki zuten ebakuntza egitea. «%100ean osatzeko aukera bakarra hori zen eta», azaldu zuen Jakak.J.O.