Alvaro HILARIO

IRUñEKO ALTXORRAK BIZIKLETAZ EZAGUTZEKO LAU IBILBIDE

Nbici Iruñeko udal zerbitzuak hiriburuak gordetzen dituen altxorrak bizikletaz ezagutzeko lau ibilbide prestatu ditu, bakoitza gai zehatz baten inguruan antolatuta. Aste Santu honetan, hiriaz gozatzeko modu erakargarria eta osasunerako ere ezin hobea.

Iruñea egun ezinbestekoak ditugun zerbitzu oro dauzkan hiri abegikorra dugu, Erdi Aroko iraganaren aztarnak zein eskaintza kultural eta gastronomiko zabala dituelarik. Aste Santuan, egun gutxi batzuetako ihesaldia egiteko toki aproposa, alegia. Hiriaz gozatzeko bideetako bat, osasungarri bezain erakargarria, bizikletaz ezagutzeko ibilaldiena dugu. Nbici udal zerbitzua, zezen plaza ondoan, dugu ibilbideen abiapuntua, baita bizikletak alokatzeko lekua ere.

Lau dira Iruñea bizikletaz ezagutzeko egungo ibilbideak, bakoitza gai zehatz baten inguruan antolatuta dagoelarik: Harresiak eta Gaztelugibela, Argako ibai parkea, Alde Zaharra eta Done Jakue bidea. Zezen plazako Nbici gunea da guztien abiapuntua. Gomendagarria da, jakina, arropa eroso eta bizikletan ibiltzeko egokia eramatea, baita kaskoa ere. Nbici zerbitzuan bizikletak zein kaskoak alokatzea badago, bertan alta emanda izanez gero.

Lehenengoak Iruñeko defentsa perimetroari jarraitzen dio, zezen plazatik Gaztelugibeleraino, harresiak, bastioiak eta Gaztelugibeleko harresien barneko lorategiak bisitatzeko aukera ematen duela. Ia zortzi kilometro dituen ibilbide hau zailtasun maila txikikoa da.

Bigarrengoak, ordea, Arga ibaia du ardatz; bertan hiriko historiaren lekuko diren zubiak, presak, errotak, zaldainak, lorategiak eta baratzeak aurkituko ditugularik. Aurrekoa baino luzeagoa da –13,84 kilometro–, eta zailtasun handiagokoa ere bai, ertaina.

Mami handikoa da hirugarrena, hiri zaharreko Erdi Aroko eliza nagusiak, jauntxoen jauregiak, museoak eta plazak bisitatzeko sortua dena. 7 kilometrokoa eta zailtasun txikikoa, abiapuntua eta helmuga Nbici udal zerbitzuan dauka.

Laugarren ibilbidea ere erdialde historikotik igarotzen da, eta abiapuntutzat du Magdalenako zubia, Santiagorantz zihoazen erromesek hirira sartzeko zeharkatu beharreko Arga ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubia. 8 kilometrokoa eta zailtasun ertainekoa da azken ibilbide hau.

Ekimen honen gaineko informazio eta xehetasun gehiago jasotzeko, irakurleek eskura dituzte honako web helbide hauek: http://www.pamplona.es eta http://www.turismo.navarra.es.

Erromesen bidea

Bizikletaz ez ezik, Iruñea oinez ezagutzeko aukera ere bada, bisitariak berak bere mugarriak ipiniz. Halere, hiria zeharkatzeko, mendez mende erromesek erabili ohi duten bidearen abiapuntua, Magdalena zubia, hautatu dugu guk ere historiaz beteriko Nafarroako hiriburuko altxorrak ezagutzeko.

Frantziako atea gurutzatu ondoren, hirigune historikora eta XII-XV. mende tartean eraikitako Andre Maria Erreginaren katedral gotikora iritsiko gara, baita bertako museora ere (astelehenetik larunbatera arte, zabalik: 10.30-19.00. Sarrera, 5 euro). Alde zaharrean sartuta, San Saturnino eta San Nikolas eliza gotortuak, harresi zaharrak, Nafarroako Errege-erreginen Jauregia, (orain, Nafarroako Artxibo Nagusia), Udaletxea, Kontuen Ganbera (hirian dagoen eraikin gotiko zibil bakarra), Gazteluko Plaza edota Nafarroako museoa (Santo Domingo aldapa, z/g. Ordutegia: asteartetik larunbatera, 09.30-14.00 eta 17.00-19.00; jaiegunetan, goizez baino ez dago zabalik. Sarrera, 2 euro) aurkituko ditugu. Ez ahaztu hor tartean, Iruñeko eskaintza gastronomikoa, bisitariak ia edozein kaletan aurkituko duena.

Badira ere Udal Turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuak, sarrerak norbanako 3 eta 4 euro tartekoak direla: Gotorlekuen barneko bidaia, Labriteko edota Guadalupeko gotorlekuak ezagutzeko aukera ematen duena; Iruñea, oso-osorik; eta Harresiak, iluntzean. Hauek nahiz hiriko beste hainbat tokiren berri izateko Udalak atera berria duen sakelako telefonorako “Pamplona me gusta” erabilera zein Udaletxeko plazako Turismo bulegoa eskura ditu bidaiariak.

Ezin dugu ahaztu ere Yamaguchi parkean dagoen planetarioa, bere hogei metroko diametroko kupula munduko handiena izanik. Asteartetik ostiralera arte dago zabalik, 09.30-13.30 eta 16.30-19.30 tarteetan. Aste Santurako ekitaldi bereziak antolatzen dituen Planetarioa ezagutzeko http://pamplonetario.orgbere webgunean sartzea komenigarria da oso.