Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gabriel Celaya ohoratzen duen liburuxka banatuko dute doan

«Azkenaldian ahaztuta» izan duen Gabriel Celayaren obra eta biografia erreskatatu eta Liburuaren Egunaren aitzakian doan banatuko duen gida bat osatu du Donostiako Liburutegi Zerbitzuak. Aritz Gorrotxategik osatu ditu testuak, eta, ilustrazioak, Arkaitz Barriolak.

Apirilaren 18an 25 urte bete ziren Gabriel Celaya poeta hil zela eta «azkenaldian ahaztuta» izan duen autorearen obra berreskuratu eta haren irudia ohoratzeko, Celayaren poemak eta biografia biltzen dituen liburuxka argitaratu du Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak. Gida osatzearen proposamena, hala ere, Pentsamenduaren Poesia jardunaldiak antolatzen dituzten idazle eta poeta sarearen eskutik iritsi zitzaien, eta, hain zuzen, sare horretako kide den Aritz Gorrotxategi izan da liburuxka osatzearen arduraduna.

Gorrotxategiren hitzetan, iazko jardunaldietan «ohartu ginen bazirela urte batzuk Celaya apur bat alboratuta genuela», eta, aurten poetaren heriotzatik 25 urte betetzen direnez, «zerbait berezia» egiteko abagunea ikusi zuten. Hala sortu da “Gabriel Celaya, 1911-1991”, larunbat honetan Liburuaren Egunaren aitzakian Donostiako liburutegietan, kultur etxeetan eta Gipuzkoa Plazan egingo den liburuaren azokan doan banatuko duten argitalpena.

Gidak hiru elementu bateratzen ditu: Celayaren poemak (gazteleraz), bere biografia (euskaraz) eta haren irudia eta idazkera oinarri hartuta Arkaitz Barriolak egin dituen ilustrazioak. «Harreman berezia izan zuen euskararekin, zenbait poematan barrutik kendu egin ziotela ere esaten zuen. Horregatik erabaki dugu poemak jatorrizko hizkuntza ematea, eta biografia euskaraz», azaldu zuen Gorrotxategik. Bere aldetik, Barriolak Celaya pertsona «indartsua baina zenbait puntutan goxoa» zela azaldu eta zertzeladen bidez izaera hori irudikatzen ahalegindu dela azaldu zuen.

Celaya 1911. urtean jaio zen Hernanin, baina haurtzaroa Donostian eman zuen eta Gipuzkoako hiriburuarekin lotura berezia izan zuen beti. Bertako paisaiak, itsasoa –Kantauri itsasoa hainbatetan aipatzen du bere poemetan–, hondartzak, zirimiria edota olatuak oso presente izan ziren bere obran.

Poeta estimatua izatera iritsi bazen ere, Alderdi Komunistan militatzeagatik eta poesia sozialaren esparruan egin zuen lanarengatik poeta «deserosoa» ere izan zela nabarmendu zuen Donostiako Udaleko euskara zinegotzi Miren Azkaratek. «Poesia sozialaren ikur handienetakoa izan zen Celaya, baina beste hainbat gauza ere bai. XX. mendeko poesiaren kezka eta estilo ezberdinen sintesi ezin hobea da bere obra», nabarmendu zuen. Bere aldetik, Pentsamenduaren Poesiako lantaldeko kide den Felipe Juaristik «pulpitutik egindako poesia» alboratu eta «poesiaren hizkuntza kalera ekartzen» egin zuen ahalegina goraipatu zuen, eta gidan Celayaren bizimoldea eta landu zituen alor ezberdinak biltzen direla nabarmendu zuen.