GARA
DONOSTIA

Bezero-bazkide izateko aukera hiru milioi pertsonak aprobetxatu dute

Euskal Herrian zehazki 830.000 kontsumitzaile inguru egin dira bazkide, Eroskik 2014. urte amaieran abiarazi zuen kanpainarekin bat eginez. Deskontuei esker, taldeak 212 milioi euro aurreztu zizkien iaz bezeroei.

Bazkide egiteko aukera 2014ko urrian abiarazi zuen Eroskik, figura honek, kontsumitzaile-bazkideak, «kooperatiban duen lekua indartzeko asmoz». Geroztik zifrak handituz joan dira. Gaur egun, hiru milioi baino gehiago dira kolore gorriko bazkide txartela duten pertsonak; Euskal Herrian, 830.000 inguru. «Datuak oso onak eta interesgarriak dira, baina ez zifragatik, kontsumitzaileekin harremanetan aritzeko horrek ematen dituen aukera anitzengatik baizik», azaldu diote Eroskitik GARAri.

Iturri berberen arabera, Eroskik kontsumitzaileei 212 milioi euro aurreztu zizkien soilik 2015ean, besteak beste, abantaila ezberdinen bidez: 3.000 produktuetan baino gehiagotan salneurri bereziak, eskaintza bereziak eta pilatzen diren beherapenak.

Bazkide egiteak ez du kosturik, ez txartela egitean eta ez berau mantentzeagatik. Hala, Eroskik trukean «zer irabazten» duen galdetuta, kooperatibatik hauxe erantzuten dute: «Ez da etekinagatik, gure egiteko moduari erantzuten dio honek. Kooperatiba gara, eta hala gara ingurua aldatzeko. Eroskik egiten dituen lorpenak, etekinak, inbertitu egiten da bai langile-bazkideetan, bai kontsumitzaile-bazkideetan. Eroski sortzen duen guztia banatu egiten du. Non dagokigu egotea? Gauden lekuan. Ez da etekin materiala lortzen duguna. Honek guztiak gainera parte hartzea eta komunikazioa sustatu ditu».

Nolakoak dira bezeroak?

Bezero-bazkide egiteak kontsumitzaileen profila marraztu ahal izatea ahalbidetu du. Adibidez, gehienak, %40, seme-alabak dituzten gurasoak dira. Talde handiena izateaz gainera, gehien kontsumitzen duen taldea ere bada. On-line supermerkatuan eta Travel programara atxikirik dauden beste dendetan ere gehien kontsumitzen dutenak dira.

65 urtetik gorakoak dira bigarren talde handiena, bazkideen %25 baitira. Gertuko supermerkatuak bisitatzen dituzte bereziki, eta aurrekoek baino gutxiago erosten dute, baina arreta handia jartzen dute bertako produktuetan eta osagaietan. Azukre, gatz eta gantz gutxiago duten produktuak atsegin dituzte.

Azkenik talde txikiak daude, bezero oso gazteak edo kide bakarreko familiak. Talde hau handitzen doa etengabe.