Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Gangstang ezezagunean, britainiarren agerraldia

Malcoml Bass eta Guy Buckinghamek Indiako seimilakoaren ipar-mendebaldeko ertzaren lehen igoera egin dute. Hiru eguneko eskalada izan zen, eta honako zailtasuna du: Eskoziako eskalan 6 gradua.

Aurreko kronika batean aipatu genizuen Indiako Himalaian mugimendua zegoela, batez ere Bhagirathiko mendi multzoan. Baina beste eskualde batzuetan ere batzuek eta besteek hainbat jarduera egin dituzte. Himachal Pradeshen, adibidez, Malcolm Bass eta Guy Buckingham britainiarrek Gangstang mendiaren (6.162 metro) ipar-mendebaldeko ertzaren lehen igoera egin berri dute.

Bi alpinistok ekainaren 9an gailurra lortu zuten eta biharamunean kanpaleku nagusira jaitsi ziren. Guztira, lau eguneko jarduera izan zen, 7an hasi eta 10ean bukatu zutena. Britainiarrek 1.500 metroko eskalada egin zuten, eta jarduera osoari ED1 (Eskoziako eskalan 6 gradua eta Britainia Handiko arroka eskalan 5a) jarri diote.

Ondoko irudian ikusten den bezala, Gangstang mendiak piramide itxura klasikoa du; batzuek diote (eta ez daude oker) Alpeetako Matterhorn mendiarekin antz handia duela. Indiako Himalaiako seimilako horren lehen igoera 1945ean egin zen; hain zuzen ere, hego-ekialdeko ertzetik. Egun, mendiaren ohiko bidea da. Gangstangek dituen beste aurpegiei dagokienez, aurreratu behar dugu bisita gutxi izan dituztela. Duela bederatzi urte, Martin Moranek zuzendutako espedizio batek ipar eta mendebaldeko isurialdeak esploratu zituen. Baina mendebaldeko aurpegian soilik amaitu gabeko bide bat eskalatu zuten, ohiko bidearekin 5.850 metrora bat egin arte. Hain zuzen ere, Moranek garai hartan atera zituen argazkiek bultzatu zituzten Buckingham eta Bass aipatu dugun ipar-mendebaldeko ertz hori eskalatzera.

Britainiarrek kanpaleku nagusia antolatu eta lehen egunak boulder egiten pasatu zuten. Baina jakin bazekiten girora egokitzeko irteera batzuk egin behar zituztela, eta hasteko Neelkantha mendira (5.324 m) abiatu ziren; garai batean mendi hori Thirot Shivling izenarekin ezagutzen zen. Bassek azaldu duenez, ondoren pare bat eguneko atsedena hartu zuten: «Kanpalekuan gustura geunden; oso atsegina eta erosoa zen. Baina gure xede nagusia Gangstang mendiaren ipar-mendebaldeko ertza zen. Bizkar-zakuak bost eguneko joan-etorri baterako prestatu genituen. Lehen gaua ipar aurpegiaren oinarrian dagoen glaziarrean (5.000 m) igaro genuen. Biharamunean, eguzkia irten bezain laster, errimaia gainditu eta ertz horretara eraman gintuen kanal bat igo genuen. Puntu horretatik aurrera ertzaren ezaugarriak zeharo aldatu ziren. Aurretik arroka eta mistoko tarte ugari genituen. Arrisku objektiborik apenas zegoen, eta jakin bagenekien arrokaren kalitatea ona zela; beraz, hori kudeatzea baino ez zitzaigun falta».

Alpinistok adierazi dute arrokan eskalatutako lehen zatiak nahiko atseginak izan zirela: «Eskaladari dagokionez, granitozko blokeetan eginikoak, oso onak ziren. Adibidez, hirugarren egunean Guy pareta batera heldu zen. Aurretik plaka bat zuen eta erdian zulo handi bat. Zulo horretatik mendebaldeko aurpegi erraldoia ikusten zen. Baina une dibertigarri horiek segituan bukatu ziren. Bai, 6.000 metroko garaierara geunden, eta elurraren baldintzek zein haizeteek egoera arras aldatu zuten. Mendebaldeko aurpegitik gora zihoan haizea hotza zen eta ertzak ez gintuen batere babesten. Hortik aurrera izotzean eskalatu genuen. Gris kolorekoa zen, eta oso monotono eta gogorra egin zitzaigun. Ertzari metroak kentzea kosta egin zitzaigun; bazirudien luzeak ez zirela amaitzen. Giroa ez zen batere atsegina, baina, zorionez, gailur txiki horretara heldu ginen. Ikuspen txikia zen, eta haizeteek altxatutako elurrak egoera asko okertu zuen. Pena handia hartu genuen, besteak beste, hango mendiak eta paisaiak ikusteko aukerarik izan ez genuelako. Argazki pare bat egin eta jarraian nondik jaitsi behar ginen aztertu genuen. Argi geneukan hego-mendebaldeko ertzetik jaitsi nahi genuela. Zorionez lainoa pixka bat altxatu zen, eta jaitsierako bidea topatu genuen. 100 metro beherago gure azken gaua eman genuen».

Alpinista britainiarrek atseden hartzeko beta izan zuten, baina, aurreratu dutenez, gau osoan elurra egin zien: «Zorionez, goizeko zortzietan giroa lasaitu zen. Ohiko bidetik jaisten jarraitu genuen hainbat rappel egiten eta aldats piko batzuei aurre egiten. Errimaia gainditu bezain laster, arrisku objektiboetatik salbu ginen. Himalaian eskalatzeko marra eder bat bilatzen ibili ginen, eta lortu egin dugu. Eta hori funtsezkoa zen guretzat».