Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zeta, zuzena, zezena… bideak

Ez, ez da Obelix eta Asterixen liburuen atarikoan ageri den herrixka, inguruko munduan hegemonikoa den pentsamenduaren kontrako pentsaera duen herrixka burujabea.

Ez, ez da plazan arrain-saltzaileen eta beste saltzaileen arteko errietak –koblakari baten musika antzeko doinupean beti ere– ohikoak dituen herrixka baketsua. Ezetz, demontre, hori ez da! Valonia daukat orain buruan!

Setati dabil Valonia egun, inguruko Europako estatuetan ozeanoz gaineko hitzarmen handizaleak sinatzeko den jarrera hegemonikoa lokaletik urratzen. Kate osoa kate-maila baten esku; ez da beto eskubidea, boto eskubidea da. Europako sarea ulertzeko bestelako modua, Estatu federala ulertzeko era berritua, botere lokala ulertzeko modu berritzailea. Tori innobazioa! Baloiak kanpora bota gabe, eutsi eta Valonia setati CETAren aurka, akordio horretatik eratorri daitekeen alegiazko zeta-bideari aurre egiten.

Erantzuna garrantzitsua izanda ere, are inportanteagoa da galdera. Horra Eskoziako saialdi berriarena. Laburra eta argia, galdera, patronalak ere ulertzeko modukoa. Berez erraza dena zailtzea ez da innobazioa. Mundua Tamesis inguruan baino ikusten ez dutenen belarrietako argizaria biguntzen hasi da berriro Eskozia, oraingoan haizea aldeago duelakoan. Galdera zuzena, zuzen-bidea.

Zeta handik. Zuzena hortik. Eta zezenak hemendik. Atzera bota dute ohikoek Kataluniak hartutako erabakia, hor zezenketak bertan behera uztekoa. Bada ez, horko horretarako eskumenik ez baitago hor, han baizik! Zezenak kultur ondare direlako zezen-larruko Estatu hartan; horras, zezen-bidean eskumena ohiko toreroek. Pikutara! Larruan tarrat egin behar, behingoz! Hik tarrat egin hortikan, nik egingo hemendikan, eta zezenak izan bitez zein bere larredian…