Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ustezko ezustekoak

Hau ezustekoa! esaten dugu zerbaitek ustekabean harrapatuta. Ezustekoa gero! harriduraz. Baina serio esanda, ezustekoaren arazoa ez da gertatu den zer hori; gu geu horren ustean izan ez izana baino. Egia esan, ez dakit zertara datorren atariko hau, beste hari bati heldu gura bainion. Tira, harira! Enteratu zara Atlantikoz bestaldeko ipar horretan izanaz? Bai, horixe! Ezustekoa gero! Zelan izan daiteke… ama, ama! Flipatuko nukeen Whatsappa erabiltzen jakin izan banu. Total, momentuz batuta segitzen duten hango estatuen mapa koloretan ikusi dut, han hauteskunde esaten duten horiek emandakoa koloretan ipinita. Urdin zati batzuk gorria nagusi duen mapan. Gure beheko estatuko oposizioko batzuek zenbat ordainduko zuten halako mapa bertan izateko!

Gorria eta urdina, transgenikoak biak, inondik ere. Azken boladan han-hemenka izan diren ezustekoak ez ditut hain ezusteko hartu, halakoak usteko bihurtuak nituelako lehenagotik ere. Politika esaten diogun horrek gero eta karpa zabalagoa du gainean, gero eta bufoi gehiago, gero eta pailazo tristeagoak pistan; aberria aberez betea. Soziologian daukat interes gehiago politikan baino. Hortaz, road movie horietan gehiago ikasten da izen handiko journalen editorialetan baino. Portzierto, hainbeste datu eta datu-orde, zer jarrera hartu dute hango indioek? Passion for knowledge da nirea.

Frackinga berpiztuko omen dute. Gasa han, hemen gazta. Donostia gaztetxe handi bihurtuta, munduko gaztak dasta-gai. Gazta Topaketa, edo. Gaztaroa, batzuentzat adina, beste batzuentzat urteko sasoia. Galdera bat ere ipini dute mahai gainean dastagarri: nola ikusten da artzaintza kaletik? Nik beste bat gaineratuko nuke ezustean: zelan ikusten da Ertzaintza landatik? Batzuek ardiak zaindu, besteek erdiak. Ala ertzak? Passion for knowledge, nirea.