Aimar Etxeberria
ESKOZIA BREXITAREN ONDOREN

Auzitegiei ere hitz egin nahi die Nicola Sturgeonen Gobernuak

Mugimendu arriskutsua iragarri du Eskoziako Gobernuak: Brexitaren harira auzitegietan dagoen kausara gehitzeko asmoa agertu du, entzuna izan nahi horretan auzitegiei ere hitz egiteko prestasuna adieraziz. Baina erabakia bi ahoko ezpata izan daiteke, bestelako bide eta jarrera batzuk ere aktibatu ditzakeelako.

Lausoa bazen britainiarrek Europar Batasuna utzi aurretik Brexitak zuen esanahia, denboraren joanak ez du berau argitzen lagundu; are gehiago, korapilatzen ari da askatzen baino gehiago britainiarrek 28en taldea uzteko egin beharreko bidea. Auzitegietatik jaso dute azken kolpea brexit-zaleek, are prozesua portura eraman behar duen Gobernu britainiarrak ere. Gobernuak ezetz, Legebiltzarrak agindu behar omen du Lisboako Tratatuaren 50. artikuluaren aktibazioa. Eta, noski, urak nahasita datozela ikusita arrantzan egitea erabaki du Eskoziako Gobernuak.

Auzitegietan den Brexitaren inguruko kausan muturra sartzea erabaki du Sturgeonen lantaldeak, bere ahotsa entzunarazi nahi horretan edozein bide egiteko prest dagoela argi utziz. Afera, baina, eremu judizialean kokatu nahi izan du Edinburgoko Gobernuak, lehia politiko hutsetik aldenduz. Hala, Brexitaren prozesuko eskumenak soilik Gobernu britainiarraren esku egotea itzulitako administrazioen (Holyroodekoa, kasu) izatearen aurka egitea dela defendatuko du.

Bi ahoko ezpata da, baina, Sturgeonen Gobernuak hartutako erabakia. Batetik, eskoziarren interesak babesteko bere asmoa argia dela erakusten du, bidea edozein delarik ere hura jorratzeko borondatea agertuz. Hamaika dira Edinburgotik datozen esan eta proposamenak Gobernu britainiarrak ere bere egin ditzan Sturgeonek egin dituen saialdiak, baina luzamendutan baino ez dabil gaur-gaurkoz Theresa Mayren Gobernua, ez bai eta ez ez, funtsik gabeko erantzunak baino ez ditu eman oraino. Ezkutaketan dabil Londres, Bruselarekin jorratu behar dituen negoziazioetan garatuko duen estrategiari dagokionez.

Erabaki politiko bat auzitara eramateak, ordea, bestelako bide eta jarrera batzuk ere aktibatu ditzake, eta kaltegarri suerta dakioke Eskoziako Gobernuari, herrialdearen etorkizun politikoaz ari garenean, adibidez.

Britainiarrek hautetsontzietan hartutako erabaki bat auzitegietan trabatzeak desio ez den giro bat sortzea eragin lezake. Edinburgoko Gobernuak dio Holyroodek ahotsa eta, ondorioz, erabakia izan behar duela Brexitaren prozesuan. Eta horrek aditzera eman lezake Westmisterrek ere ahotsa eta, ondorioz, erabakia izan beharko lukeela Eskoziaren balizko independentzia prozesuaren nondik norakoan. Hala jasotzen du iragan urrian Nicola Sturgeonek aurkeztutako erreferendumerako lege proiektuak ere, zeinak dioen galdeketa aurrera eramateko eskumenak Holyrooden esku utzi beharko dituela Westminsterrek denboraldi baterako. Hori, noski, legebiltzarkide britainiarrek hala erabakitzen badute izango da.

Eta erabaki hori politikoa da, horregatik da bi ahoko ezpata Nicola Sturgeonen Gobernuak auzitara jotzea erabaki izana, afera eremu judizialera bideratu nahi izan badu ere atzetik dagoena borondate politikoaren arazoa delako.

Logikoa dirudi, Gobernu eskoziarrak Brexita trabatzea erabakitzen badu, jarrera bera hartzea Gobernu britainiarrak ere Eskoziaren balizko prozesu independentistaren aurrean.

Hau guztia SNP bere historiako entzuketa ariketarik handiena garatzen ari den une berean dator. Bi milioi pertsonak, besteak beste, Brexitaren eta balizko independentzia prozesuaren inguruan duten iritzia jakin nahi du Eskoziako alderdi abertzaleak.

Hilaren amaieran emango dio amaiera SNPk ariketari, eta jasotako iritzietatik ateratako ondorioek zeresan garrantzitsua izango dute Edinburgoko Gobernuak aurrera begira egiten dituen urrats eta hartzen dituen erabakietan.