2016/12/01

Gutxienez 10.000 rohingya iritsi dira Bangladeshera azken asteotan

Birmaniako eta Bangladeshko agintariek muga itxi egin diete, baina rohingya herriko milaka kidek ihes egin beste erremediorik ez dute eta aurrera egin dute, mugaz beste aldean zer izango duten ez dakiten arren. Nazio Batuek horiei laguntzeko eskatu diote Bangladeshi.

GARA|DHAKA
1201_mun_rohingya

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak Bangladeshko Gobernuari eskatu dio herrialdera iristen ari diren rohingya herriko kideei leku segururen batean kokatzeko aukera emateko, oinarrizko laguntza jaso dezaten, Shinji Kubo eledunak jakinarazi duenez.

Nazio Batuek ez dute bi herrialdeen arteko mugako egoera aztertzeko aukerarik: «Edonola ere, erakunde humanitarioen txostenen arabera 10.000 inguru rohingya iritsi dira Bangladeshera azken asteotan. Egoera oso aldakorra da eta iritsi direnen benetako kopurua askoz ere handiagoa izan daiteke».

Patruila ugari jarri dituzte bi estatuek mugan, iheslari horien bidea itxi nahian. Hala ere, ezin dute gauza handirik egin eta dagoeneko gutxienez 230.000 rohingya daude Bangladeshen. Iturri batzuen arabera, horietako 30.000 lagun inguru Birmaniako Arakan edo Rakhine estatuan Armadak urrian hasi zuen erasoaldiaren eraginez bihurtu dira errefuxiatu. Birmanian bizi duten egoera negargarriaren ondorioz, ehunka gaztek komisarien aurka erasora jo zuten orain aste batzuk. Militarren erantzuna bortxaketa kolektiboak, torturak, eraikinen suntsiketa eta hilketak izan da.

Ibaia zeharkatu behar

Gauez irteten dira familia osoak, muga zeharkatu nahian. Naf ibaia da muga naturala. Bangladeshko agenteek ikusten dituztenean, Birmaniara bidaltzen dituzte berriz.

Ibaian dagoen uharte batean 3.000 rohingya inguru daude une honetan, emakumeak eta umeak barne, ez aurrera ez atzera egin ezinik. Abu Ghalib ekintzaileak jakinarazi du astebete daramatela janaririk eta arropa egokirik gabe.