Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zer demonio!

Hainbeste innobazio eta innobazio oste, zer demonio! Innobazioa gora eta behera darabilte, berbetan, baina zeinek innobatzen du hemen benetan? Politikak ez! Bai zera! Alde batekoari bi-aldeko esatea ez da innobazioa, gero! Zein eta Eliza da gaur eta hemen innobatzaile bakarra! Jainkoarren! Bada, bai, Eliza 4.0!

Eta asmatu egin du, lehengo meza nagusia orain meza bakarra dela ikustean. Elizkideak ez badoaz Elizara, Eliza beharko horiengana, teknologia berrien bidez joan ere. Amen 4.0! Total, eskaintza berritu du Elizak. Atari berria ipini du zerbitzuan, Altari izanez.

Eta webgunean domeinu berria jarri ere; Eusko Jaurlaritzak .eus jarri duen bezala, Euskalo! esate aldera, Elizak .kon jarri berri du, konfesioak edonon eta edonoiz egitea bermatze aldera. Eta litekeena da banku batzuen kutxazainak konfesio-leku modura erabiltzea laster batean, kredikon txartela erabilita; komisioa da orain zalantza. Penitentzia, betiere, Whatsapp bidez jasoko luke interesatuak.

Egia esan, esperotakoa zen innobazio gurutzada hau. Nik Arratiako nire herrian, hileta-elizkizun batean, bertaratuek kantuetarako aurreko pantaila handi bateko letra karaoke modura erabiltzen zutela ikusi nuenean… “hara!” pentsatu nuen, “zer demonio!”, laster batean ostiak berak makina batean eskuragarri herriko plazan! Edonork bereak etxean egin 3D inprimagailu halakoren batean. Ama, ama!

Hamaika ikusteko gara! Passion for knowledge gero nirea! Jainkoarren!

Aukera asko eta askotarikoak dago Eliza zabaltzen, berean militantzia bizitzeko. Eta esana dute, ahopean, elebidun egingo dutela, latina ez dena zein izango argitu ez badute ere. Total, besteen jabetzak bere izenean erregistratzeari noiz utziko ez du oraindik esan; are gutxiago, orain arte lapurtua noiz bueltatuko. Amen, zer demonio!