Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Sarbideak bai, aterabideak ere bai!

Trenen talka izango omen da laster batean Katalunia aldean, barruko aldiriko trenaren eta kanpotik bidez kanpo doan trenaren talka. Zilegi trena, bidaiariz betea, eta zigor-lege trena, fiskalez betea, aurrez aurre, geltokirik ez duen bi erraileko eremuan. Hizkerak ez ezik, hizkuntzak ere desberdin trenotan, atera kontuak! Bitartean, Kantauri aldeko paraje hauetan, batzuek, foru-nazioa gogoan, hango trenera igo gura ez, bertigoz, baina beheko trena galdu nahi ere ez, kupoz, eta urtetan etxeko patiora mugatuko den abiadura handiko trenaz ari dira, ari edo, ihesbide modura.

Nazio eraikuntzaren parte omen dute tren antzeko hori. Urrutiko zaborrak labera ekartzeko erabiltzea ere izango ei dute buruan, nazioa eraikitzeko denez eta bidaiari asko espero ez direnez. Tira, nazio eraispenaren aldeko bihurtu naute euren eraikuntzarekin. Aitortu behar dut gero eta gaitzago egiten zaidala batzuen nazioa ulertzea. Ulermen arazoa, nirea; politikan ikusmen, usaimen, dastamen, entzumen eta ukimen kontuetan ditudan arazoez gain. Amen. Hortaz, irrikan nago Lakuak iragarri dituen ulermena lantzeko ikastaroak noiz hasiko; pentsatu behar dut, hala ere, matrikula berezia izango dela ofiziozko politikarientzat, lehentasunak lehentasun.

Politikan ofizioa izateko, sarbideko azterketa egitea ondo ikusten dut. Baina argi utzita sarbide guztiek behar dutela irtenbidea, politikan ere bai. Ez dadin gehiago gertatu horra sartuak ez dakiela gero irteten. Hain da labirintoa, politika! Baina kontuz! Ez ditzala nire hitzak inork hartu Aralarren pista gehiago justifikatzeko, esanez batzuk sartzeko direla eta beste batzuk ateratzeko! Mon Dieu!

Amets egiten dut noiz edo noiz ohetik altxatu eta txiza egin aurretik ozen esango dugula: Nahiko dugu! Ez dugu gehiago behar! Eta gero bai, txiza egin.