2017/03/03

PHILIPPE BLANCHET
SOZIOLINGUISTIKA IRAKASLEA

Rennes-2 unibertsitatean jarduten duen irakasleak «Discriminations: combattre la glottophobie» entsegua argitaratu zuen 2016an. Hizkuntza frantsesa zuzen eta doinu egokiarekin mintzatzen ez dutenenganako dagoen mespretxua eta diskriminazioa egiaztatu eta aztertu ditu lan horretan.

«Glotofobia arriskutsua da oso; munduaren ikuspegia murrizten du»
Xan IDIART|URRUÑA
0303_eh_blanchet

Diskriminazio hori egiaz existitzen den uste osoa du «eta Hezkuntza Nazionalean, instituzionalizatua» gainera. Frantses nazionalismoaren eraikuntzarako glotofobia zutabe izan dela ere nabarmendu du Kazeta.eus atariak egin dion elkarrizketan.

Zer da glotofobia?

Neologismo bat da, nik asmatua. Azentu berezi edo hizkuntza batengatik egiten den diskriminazioa izendatu nahi izan dut hitz horrekin. Hizkuntza ez, baizik eta pertsona bera dago bereizia bere mintzatzeko maneragatik. Kasu horretan, eta diskriminazio mota askotan bezala, hizkuntzaren inguruko irizpide arbitrarioek pertsonen arteko sailkapen bat dagite.

Legedi frantsesak onartzen ote du diskriminazio mota hori?

Liburua idatzi dudanetik hona, aitzinamenduak izan dira. Ikertzen ari nintzelarik, legedi frantsesak ez zuen inolako diskriminazio linguistikorik onartzen. Baina nire liburuak eztabaida sortu zuen, eta 2016ko azaroan, justizia frantsesaren aldaketaren legea bozkatu zelarik, diskriminazioak jadanik kondenatzen zituen zigor kodeari beste bat gehitu zioten: diskriminazio linguistikoa. Alabaina, manera bitxi batez idatzita dago eta horrek anbiguotasunak dakartza. Badirudi auzitegi batek jujatu beharko balu diskriminazio linguistikoen inguruko afera bat, legearen aplikazio murrizgarri bat eginen lukeela, baina legea oraindik gazteegia da horretaz erabat segur izateko.

Zure ustez, anbiguotasun hori ez al dator gaur egun oraindik Estatu frantsesean hizkuntza gutxituak izatetik? Hots, gure kasuan, glotofobiak ez ote ditu gehiago hunkitzen hizkuntza gutxituak, azentu edo doinuak baino?

Arrapostu negatibo bat eman behar diot galderaren bigarren zatiari. Estatu frantsesean, frantsesa erabiltzean azentu edo doinu bat dutenak dira diskriminazio gehien pairatzen dutenak, ez hizkuntza gutxituetako hiztunak. Nire ikerketa lanetatik ateratako ondorioetako bat da. Haatik, egia da historikoki eta Frantziako Iraultzatik bereziki, Estatu frantsesean eraman izan den aniztasunaren aurkako borroka hizkuntza gutxituak desagerrarazteko izan dela, hein handi batean. Arrunt jokamolde zozoa da, baina hizkuntza gutxituek beldur handiagoa ematen dute azentuek baino, azentuak behintzat frantsesa direlako. Hain zuzen ere, azken mendeetan zehar glotofobo izateko hezi izan dute jendea Estatu frantsesean. Etengabe erran izan diete bazirela onartu behar ez ziren hizkuntzak.

Geure buruari ez dela euskaraz mintzatu behar erraten diogunean, autoglotofoboak ote gara gu?

Bai, arrunt. Fenomeno hori soziolinguistikan biziki ontsa landua izan da. Ikerketa batzuek erakutsi dute nola heziketaren zein hedabideen bidez ustezko zilegitasun bat inposatua izan zaion jendeari. Zilegitasun hori, ordea, bere hizkuntza eskubideen kontra zihoan. Patologia sozial kolektiboak izan dira horregatik. Hori dela eta, glotofobia oso arriskutsua da. Hizkuntzak desagerraraziz, munduaz dugun ikuspegia murrizten da. Jakin behar da, diskriminazio linguistikoak onartzen direnean, ideologia totalitario batean gaudela, gizakiaren ezaugarririk garrantzitsuena den aniztasuna ezeztatzen baita. Oso arriskutsua da. Bide batez, nire ikasleei usu erraten diet Errepublika frantsesaren hizkuntza politika baztertzailea munduan zehar erregimen totalitario anitzek obratu duten politika dela.

Soziolinguista batzuek diote Frantziako Iraultza nazionalista izan zela? Ikuspuntu horrekin bat zatoz?

Erabat ados nago Frantziako Iraultzaren aspektu nazionalistaren ideiarekin. Gainera, hor sortu zen nazionalismo frantsesa, baita nazio frantsesaren ideia ere. Izualdian hartu ziren lehendabiziko neurri glotofoboak, 1793an hain zuzen. Hortik dator nazionalismo frantsesa eta kezkagarria da nola azken denbora hauetan suspertzen ari den. Sozialista omen den Manuel Vallsen gobernua nazionalista zen eta ez zuen aniztasunaonartzen. Valls bezalako pertsonentzat nortasun frantsesa ezin da aniztasunean gauzatu. Eredu bakar bat dago: frantsesak elebakarra izan behar du eta derrigorrean miretsi behar du bere hizkuntza. Zilegia den komunitate bakarra frantsesena da, eta hizkuntza bakar bat eduki behar du. Alta, aniztasuna bermatzen duten gizarte ereduak eraikitzea posible da.

Adibiderik eman dezakezu?

Munduko estatu gehienak aniztasun onartu batean eraikiak dira, Estatu frantsesa ez bezala. Kanadan, adibidez, jendearen hizkuntza eskubideak herriko eskualde orotan babestuta daude. Alderantziz, Quebecen frankofonia autoritarioegi bat dago. Estatu espainola ere adibide ona da. Bestalde, Maliri ez diogu kasurik egiten, baina politika eleaniztun interesgarri bat du, hizkuntzen onarpen instituzional azkarrekin. Iragan irailean eskubide horiek are hobetu dituzte. Gobernu maliarrak handitu egin du herriko aniztasun linguistikoa eta hamar bat hizkuntza ofizial ditu gaur egun. Hizkuntza horietako batean gauzatzen da hezkuntza, beraz, eta legeak dio ezin zaiola inori nahi duen hizkuntzan hitz egitea debekatu. Hizkuntza politika inklusibo bat dute benetan.

«Nazio bat, hizkuntza bat» ereduarekin ez zaude ados orduan? 

«Nazio bat, hizkuntza bat», funtzionatzen ez duen eredua da. Gizakiaren aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna ezin dira saihestu. Hori irudi fantasmagorikoa da. Diskriminatzen da, baita inposatu ere. Estatu frantsesaren kasua da. Frantsesak ez direnek frantsesez hitz egin behar dute beren eskubideak errespetarazteko. Berriz diot, eredu arriskutsua da, zeren eta herri elebakar batzuen metaketa suposatzen baitu. Hizkuntza bakar batetik pentsamendu bakar batera iritsi nahi da. Horrez gain, etnozidioak eragin ditzake, ze talde baten berezitasun kultural edo linguistikoak desagerraraztea da helburua. Pertsonak fisikoki desagertzen ez badira ere, taldea ez da gehiago existitzen. Etnozidioak maiz hizkuntzak deuseztatzeko egiten dira. Europarrek hori egin zuten populazio amerindiarrekin.

Ez al duzu uste hizkuntza frantsesaren historia irakatsi beharko litzatekeela eskoletan glotofobia baztertzeko?

Lagungarria izanen litzateke bai, zalantzarik gabe. Ulertuko genuke frantsesa hizkuntza oso gaztea dela, gutxi gorabehera mende bat baitu. Egun Estatu frantsesean denok ezagutzen dugun frantsesak mende bat baino ez du. Ulertuko genuke baita ere, lehen era desberdinetan erabiltzen zela eta ez zela eskualde guztietan barreiatua. Hala, gaur egun frantsesek beren hizkuntzari dioten miresmen mugagabea ezeztatuko litzateke eta hizkuntza kontuetan irekiagoak izanen lirateke. Bestalde, ohartuko lirateke arbitrarioki eraikia izan zela eta beste hizkuntza anitzekin kontaktuan egon zela. Diskurtso garbizalea bertan behera utzi beharko genuke Estatu frantsesean.

Errepublika frantsesaren hizkuntza politika baztertzailea da, hainbat erregimen totalitariok obratu dutenaren antzekoa