Ruben NIETO
BILBO

Bilboko Loraldia jaialdiaren lehenengo kimuak ikusgai

Ekimen honen hirugarren edizioa abian da, eta 29 egunetan Bilbo euskal kultura berriaz blaituko du. Lehen aste honetako proposamenen artean nabarmentzekoak, «Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak» izeneko antzezlana estreinatuko du Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak.

gara-2017-03-06-Noticia

Gaur bertan hasiko da Loraldia jaialdia, Arriaga antzokian Tartean Teatroa taldearen “Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako historia” izeneko lan berriaren estreinaldia eginda. Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek prestaturiko umorezko obra honekin, Bilbo apirilaren 8an bukatuko den kultur egitarau zabalean murgildu da.

Atzo, bestalde, aste honetan plazaratuko den Pabiloi 6ko Gazte Konpainiaren bigarren lana aurkeztu zuten. Ramon Bareak eta Irene Bauk azaldu bezala, profesionaletara jauzia emateko asmoa duten 25 urtetik beherako gazteekin egindako antzezlana da, konpainiaren oinarriei erantzunez. Lau hilabete eman dituzte obra prestatzen, eguneroko saio luzeetan. Egitasmo aitzindari honek irteera profesionala eman nahi die arte eszenikoetan hezitako gazteei, eta horretarako, Bilbao Ekintza-ren laguntza ekonomikoa dute.

Idealismoa ardatz

Felipe Lozak zuzendutako “Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak” antzezlanean, hiru pertsonaia hauek ikasle egoitzan izandako harremanak berpizten dira, beraien gaztetako idealismoa delarik ardatza. Olgeta eta egiatasunen artean, paradigma kulturala aldatuko dute eta, beren nortasun bereko beste batzuekin batera betiko biratuko den munduko artearen imajinario bat sortuz joango dira.

Federico Garcia Lorcaren testu ezberdinetatik abiatuta osatutako obra da, haren lan poetiko eta dramatikoaren collage modukoa. Euskarazko moldaketa Patxo Telleriak egin du. Musika zuzendaritza Iñaki Maruriren esku dago, koreografiak Rafael Eizaguirrek sortu ditu, eta pertsonaiei bizia ematen dieten gazteak  Ainara Aristegui, María Cerezuela, Unai Elizalde, Eneritz Garcia, Kepa Garcia, Josh Ortiz de Zarate, Nahikari Rodriguez, Daniel Solaguren eta Yeray Vazquez dira.

Pabiloi 6k euskaraz ekoizten duen lehenengo antzezlan honen estreinaldia Deustuko Erriberako aretoan izango da aste honetako ostiralean, larunbatean eta igandean. Martxoaren 17tik aurrera, gaztelaniazko bertsioa ikusteko aukera izango da, areto horretan bertan.

Loraldiaren lehenengo aste honetako programazioa osatuz, “Txoriak. Mikel Laboaren Unibertsorako bidaia” ikuskizuna aurkeztuko du Dantzaz Konpainiak igandean, Guggenheim museoko Atrioan. Mikel Laboaren kantuak oinarri hartuta, koreografia eta dantza eder garaikideaz disfrutatzeko aukera izango du ikusleak. Aitor Narbaiza Loraldia Kultur Elkartearen kideak atzoko agerraldian aipatu bezala, gaur hasten den jaialdi honetarako aurreikuspenak onak dira. «Lorazaina» izeneko aurtengo proposamen berriaren harrera ona izan dela nabarmendu zuen, eta sarreren salmenta ikusita, aforoaren %70 betetzeko erronka lortuko duten uste osoa dute.

 

Gorputza agertokian, aztergai

Hausnarketarako tartea ere eskainiko du Loraldiak. Ander Lipus aktore eta zuzendaria eta Onintza Enbeita bertsolaria tailer interesgarri baten protagonistak izango dira. “Gorputza eszenan” izenburupean, gorputzak oholtzan duen inportantziaz arituko dira ostegunean, Alondegian. Leire Palacios kazetariak gidatuko duen tailer hau, berez, kulturgune horretan garatzen ari den Meatzaleak egitarauaren barruan dago.

Enbeitak berak azaldu digunez, «gorputza eszenan aztertu nahi dugu. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Antzerkian gorputza beti dago presente eta publikoak gorputzak esaten duena ulertzen du, aztertzen du. Baina bertsolaritzaren kasuan, badirudi gorputza ez dela existitzen». Bertsolariak argitu duenez, mahai-inguru horretan saiatuko dira azaltzen agertokian zer-nolako garrantzia duen gorputzak, «bai erabiltzen duzunean eta bai erabiltzen ez duzunean». Horretarako, besteak beste, ikus-entzunezko bitartekoak erabiliko dituzte, publikoarekiko elkarrizketa indartzeko asmoarekin.R.N.