Bertsolaritzaren disekzioa
Bertsolaritzak soinuarekin duen harremana ikertzeko asmoz eraikitako proposamena da «Bertso Berriyak Jartzera Nua». Mikel Chamizo konpositoreak Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Trio Sincronia hari eta piano hirukotearen elkarlana izan du kontzertu formako obra ekoizteko. Lana gaur estreinatuko dute Miramongo Matineetan, EOSen egoitzan.

Veneziako Bienalean ernatu zen “Bertso Berriyak Jartzera Nua” proiekturako hazia, 2014an. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bi kontzertu eman behar zituen bertan, horietako bat Euskal Herriko zortzi konposizio laburrez osatua, eta Mikel Chamizo musikagile eta GARAko kolaboratzaile tolosarrari eskatu zioten haiek lotzeko zubi-piezak konposa zitzan. Horietako bat “Lujanbioak” izan zen, Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariaren grabazio bati –ezagutzen den bakarra– Maialen Lujanbioren ahotsa gainjarrita osatu zuena.
«Orkestrako zuzendari Oriol Rochi asko gustatu zitzaion, eta hortik bertsolaritzaren inguruko saio bat ateratzea proposatu zidan: bi minutuko pieza txiki horretatik sortu da 70 minutuko saio oso bat, bertsolaritzak soinuarekin ze erlazio mota duen ikertzen duena», azaldu du Chamizok.
Proposamena gauzatzeko bidelagun izan ditu Maialen Lujanbio bera eta Trio Sincronia hari eta piano hirukotea (Maialen Rezabal biolinista, Beatriz Linarez biolontxelista eta Pedro Jose Rodriguez pianista). «Egin duguna da bertsolaritza bere ezaugarri edo aspektu ezberdinetan deskonposatu. Bertsolaritzan batera ematen dira, eta guk banandu eta horietako bakoitzaren inguruko esperimentu bat proposatu dugu», azaldu du Chamizok.
Bost esperimentu
Kontzertua Veneziako Bienalean entzun zen piezarekin hasten da, eta hark irekitzen die bidea bost pieza-esperimental hauei: “Doinua”, “Poesia”, “Adorea”, “Tradizioa” eta” Esperimentazioa”. Lehenean, “Doinua”, bertsoa, biolina eta txeloa lanabes hartuta bertsoaren oinarrizko melodien fisionomiaren gaineko gogoeta egingo dute.
“Poesia” piezan, aldiz, bertsolaritzaren osagai literarioa hartuko dute oinarri. «Bertsolaritzaren tradizioa ahozkoa bada ere, oso fina eta poetikoa izan daiteke», irizten du Chamizok. Hala, hamabi minutuko piezan Lujanbiok «hitzezko gogoeta edo poesia bat» ekarriko duela nabarmendu du konpositore tolosarrak.
Bertsolaritzaren alde publikoena, saioetakoa, irudikatzen du “Adorea”-k. «Adorea, BECen horrenbeste jenderen aurrean jarri eta bat-batean bertsoak osatzeko adorea behar delako, oholtzara igotzea hutsera jauzi egitearen pareko delako, ondo aterako zaizun jakin gabe, potorik egingo duzun... », ziurtatu du konpositore tolosarrak, eta pieza osatzeko oinarri gai-jartzaileak gaia ematen duenetik bertsolaria kantuan hasten denera arteko tartea izan dutela zehaztu du.
«Adrenalina hori» irudikatzeko, zati honetan gitarra elektrikoa simulatzen duen pianoa erabiliko dute: «Energia askoko pieza izatea nahi genuen, eta uste dugu hori dela egiten duena, energia transmititu. Bost piezak euren artean oso ezberdinak dira, lehenengoa musikalagoa da adibidez, espiritualagoa, eta hau energikoagoa, eta kontraste handia egiten du hurrengoarekin». Izan ere, “Tradizioa”-n elementu elektronikoak tarte batez utzi eta antzinako musikari lotzen zaio kontzertua: «Euskaraz idatzitako lehen obrak, Erdi Arokoak, ‘Pelegria naiziela’ bezalako himnoak hautatu ditugu, baita Juan de Antxieta edo ‘Cancionero de Palacio’-n agertzen diren euskarazko testuak ere», azaldu du, “Jancu Janto” eta “Cutegón E singuel - Zut egon” piezei erreferentzia eginez.
Pieza bakoitza bere horretan esperimentu bat dela azaldu arren, Chamizok argi du denetan esperimentalena, bat-batekotasunetik gehien duena, azkena dela. “Esperimentazioa”-n Lujanbioren bertsokera eta Chamizok tresna elektronikoekin duen eskarmentua uztartuko dira. Partiturarik gabe, inprobisazio betean. «Maialen eta biok hitz egin dugu, pauta batzuk ezarri, baina esperimentazioa izango da bere osotasunean. Hitzekin eta soinu elektronikoekin ariko gara, eta ez dakigu zer irtengo den», amaitu du. Esperimentuok ikusteko aukera gaur izango da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan, 11.00etan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
