2017/04/08

Iker BIZKARGUENAGA
Bolintxuko beteranoak

Aurten Korrika egunez pasa den arren, lantzean behin horrelako gauzak gertatzen direlako, basauriarrak ez dira lokartu eta San Migelen amultsu hartuta jendetza ibili da lekukoaren atzetik. Eta nire herriak berriro ere zirrara eragin dit, sarri lozorroan izaten den harrotasun puntutxo hori agerraraziz.

Hego Uribeko hiri nagusian euskalgintzan aritzeak beti izan du erronkatik zeozer. Azken finean, duela ez asko etorkinak ziren Basaurin euskaraz berba egiten zuten ia bakarrak. Bizkaiko beste eskualde batzuetatik beharrera etorritakoek eta despistaturen batek soilik egiten zuten euskaraz. Orain, ordea, Solobarria plaza betetzen dugu gu be bagarela aldarrikatzeko. Eta hori hamarkadatako lanaren ondorio da, Korrika sortu baino lehenago ere hemen bazebilelako jendea euskararen alde galopan.

Eta, tira, balio dezatela lerrook hauts hartatik, ustekabean, Basaurin euskararen aldeko sentimendua ernatzen lagundu dutenei gorazarre egiteko. Lehenik, eta Korrikaz ari garela, Bolintxuko beteranoei, lantegiz betetako herrian euskaldun eta euskaltzaleak sortzeko lantegia izan baita AEKren euskaltegia. Eta Arizeko elizako sotoetan edo La Basconiako bulegoetan ikastola bat altxatu zutenei, eskerrik asko. Talde Zabala asmatu zuen gazte kuadrilla zoro horri ere besarkada estua, batez ere beste lekuko mota bati heltzeagatik kilometro gehiegi kartzelako patioan egiten ari den Joni. Euskarabilako lagunei ere, noski. Eta aitortza, agurra eta ohorea aurten hirurogei urteko beteko lituzkeen Enrike Jaiori. Biba zuek!