Jon LEUNDA
Urrezko aizkora

Lehen Mailako aizkolariak ere sartzera doaz

Alberdik lehen saioa izango du etzi eguerdian, Bastidan. Mugertza III.a,Zaldua, Etxeberria II.a, Rodriguez II.a eta Alkizalete arituko dira.

Urrezko Aizkora aurrera doa, eta izen handiak ere hasi dira agertzen; igandean jokatuko den kanporaketan Euskal Herriko Lehen Mailan arituko den aizkolari bat izango da, Alberdi.

Jokatzeko era ere aldatuko da kanporaketa honetatik aurrera. Orain arte aritu direnena baino kopuru txikiagoa izango da etziko saiotik aurrera, eta aizkolariek egin beharko duten lana ere orain artekoa baino luzeagoa izango da.

Alberdirekin batera, Alkizalete II.a, Mugertza III.a, Etxeberria II.a, Zaldua eta Rodriguez II.a izango dira aurrez aurre. Bost euskal hiritar eta segoviar bat jardungo dira nor baino nor etzi, Bastidako pilotaleku zaharrean, 13.00etatik aurrera.

Aizkolariak lehen fasean bi multzotan banatuta arituko dira; hirukoak izango dira multzoak. Lehen saioan, bakoitzak hasteko 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki beharko du, eta bigarren lanean kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat jarraian moztu beharko dituzte.

Behin lehen fasea gainditutakoan, bigarrengoan, multzo bakoitzeko onenek jokatuko dute finala, eta bik lortuko dute hurrengo fasean aritzeko txartela. Hemen ere lan ezberdina egin beharko dute, orain arte egin ez dena. Hasteko, zutikako 45 ontzako enbor bat erdibitu beharko dute, eta ondoren etzaniko kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat.

Faboritoak

Bi sartuko dira hurrengo kanporaketara eta sei kirolari lehiatuko dira. Faboritoak aipatzerakoan, dudarik gabe, Alberdi izango da horietako bat, baina finalean bada zutikako enbor bat ere eta horrek agian min egin liezaioke bati baino gehiagori.

Alkizalete eta Etxeberria jadanik kanporaketa bat gaindituta datoz, eta bidea egina dute orain artekoan. Beste laurentzat aurtengoz lehen aldia izango da, eta ikusi beharko da denek ere nolako prestakuntza duten. Zalduak ere apustua jokatu zuela ez da denbora gehiegi pasatu, eta bera ere oso kontuan hartzekoa izango da.

Segoviarrak asturiarrak baino hobeto aritu dira

Aurtengo Urrezko Aizkorako lehen kanporaketa hauetan aizkolari segoviar eta asturiar mordo bat aritu da eta horiek ezagutzeko parada izan da. Horietako gutxi batzuk ezagunak dira Euskal Herrian.

Aurtengoan bietatik izan da asko, eta garbi ikusi dena da Euskal Herrikoengandik aparte daudela bai batzuk bai besteak. Euren arteko alderaketa eginda, berriz, segoviarrak asturiarrak baino askoz hobeto aritu dira, eta izango da oraindik ere aukerarik batzuk ikusteko. J.L.