Antzerkiaren galdara borbor betean izango da Aulestin
Beste behin, antzerkilari eta antzerkizaleen topagune bilakatu da Aulesti. Gaur hasi eta larunbatera bitartean, antzerkiaren laborategi izateko jaio zen ekimenak zortzi antzezlan ekarriko ditu hiri bizkaitarreko oholtzetara, eta profesionalentzat sormena eta teknifikazioa oinarri duten bost tailer ere izango dira. Ofizioaz hausnartzea, antzerkizaleengana gerturatzea eta konpainien arteko harremanak sendotzea ditu helburu antzerkiaren galdara honek.

Euskal sortzaileen artean erreferentzialtasuna eskuratua duen topaketa da Aulestikoa. Antzerkia euskaraz eta euskaratik sortzeko eratu zen laborategiak hamabigarren edizioa du aurtengoa eta, gaur hasi eta larunbatera bitartean, zortzi antzezlan eta bost tailer eskainiko du topaketak, eta, batez ere, antzerkilari zein antzerkizaleak elkartu eta euskarazko sormenaz hausnartzeko parada ere bai.
Gaur, Huts Teatroaren “Hozkailua” obraren estreinaldiarekin irekiko da topaketa (21.00); bihar Atx Teatroaren “Bihotz salataria” (21.00) eskainiko dute; asteartean Zanzara-ren “Eltxoak” ikusi ahalko da (21.30); asteazkenean Beheko Larrainak “Atte hil aurretik” (21.00) oholtzaratuko du; eta ostegunak Parasite Kolektiboaren “Jadanik hil da” ekarriko du (21.00); horiek guztiak Udal Aretoan. Ostegunean, Tornado konpainiak bere azken kale antzerkiaren aurrerapena eskainiko du, 21.30ean, udaletxeko atarian: “Lapur minak” obrak amodiozko triangelu bat du oinarri eta komedia eta clowna nahasten dituen kale antzerki ibiltaria da.
Ostiralean eta larunbatean, Aulestiko frontoian eskainiko dira emanaldiak, 22.00etan. Ostiralarekin, Eromen Produkzioak-en “Sweeney” emango da; eta larunbatarekin, Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarrekin ekoitzitako “Francoren bilobari gutuna”, berriki Donostia Antzerki Saria irabazi duen obra.
Artedramatik, Ander Lipus-ek programazioaren aniztasuna nabarmendu du: «Konpainia profesional zein amateurrak, dantza, gorputza, testua... denetik edukiko dugu». Bai oholtza gainean eta bai tailerretan. Aurten, Lipusek berak, Amancay Gaztañaga antzezleak, Pablo Ibarluzea zuzendari eta antzerki-pedagogoak eta Gasteizko Baratza aretoko Garazi eta Unai Lopez de Armentia anai-arrebek beteko dituzte irakasle paperak. «Hamabi urte dira jada topaketak abiatu genituenetik, eta oraindik irakasle berriak etortzeak esan nahi du ofizioaz zer esan eta zer erakutsi baduen jendea badagoela, eta hori pozgarria da», ziurtatu du Lipusek.
Erakusleiho eta bilgune
Egunotan, antzerkiaren galdara bilakatuko da Aulesti. «Nik uste dut beharrezkoa dela. Ofizio honetan gabiltzanok elkarren arteko laguntza, babesa, elkar ezagutza behar dugu eta sare horiek guk eraiki behar ditugu», ziurtatu du. Alde horretatik, Aulestiko topaketok erreferentzialtasuna eskuratua dutela eta antzerkian dabiltzanentzat aberasgarri bilakatu direla dio, espazio hauen beharraz jabetzeko, ofizioaz hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko. «Eta ez hori bakarrik –gaineratu du Lipusek–. Publikorekin sortzen den harremana, adibidez, oso inportantea da, eta guk Aulestin hori lortzen dugu, antzokiak bete egiten dira eta antzerkia halako akontezimentu momentu bezala bizitzen da».
Antzerkian dabiltzanek ofizioa «barrutik» sentitzen dutela dio, eta, Aulestik, euren artean zein publikoarekin partekatzeko aukera ematen die. «Hori guretzat oso inportantea da; Aulesti erakusleiho eta topagune da».
«Hozkailua», punky eraberrituen road movie-a
Estreinaldirik ere izango da Aulestiko antzerki topaketetan. Huts Teatroak “Hozkailua”, adiskidetasunaren gaineko road movie itxurako antzezlana oholtzaratuko du gaur lehenengoz Udal Aretoan, 21.00etan. Antzerkia Unai Iturriagak idatzi eta Manex Fuchsek zuzendu du, eta oholtza gainean Ander Lipus eta Patricia Urrutia ariko dira, gazte denboran punky izan ziren eta Jimmy lagunaren heriotzak batzen dituen Maite eta Karlosen paperak jokatzen. «Maitek deitzen dio Karlosi, esanez Jimmy dakarrela hilda hozkailu batean, eta hura lurperatzeko herriaren bila abiatuko dira, hozkailu eta guzti», azaldu du Lipusek. Obraren hari gidaria laguntasuna dela dio, «zer den kolega izatea», baina amatasun eta aitatasunaz, eta orain 25 urteko punky haiekin gertatu denaz ere hitz egiten du. «Umoretik, tristuratik, malenkoniatik badu obrak. Izan ginen horretaz hitz egiten du. Eta, batez ere, garenaz». A.A.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
