«Izarren hautsa» haurrentzako antzezlanak gizakiaren sorrera fantasiaz irudikatzen du
«Izarren hautsa» haur txikientzako antzezlana sortu du Ixabel Milletek, izenburu berarekin iaz argitaratu zuen liburua oinarri hartuta. Estreinaldia EHZ festibalean eginen da igandean, 16.30ean.

«‘Hautsetik gatoz, eta hautsera itzuliko gara’ dio esaldi ezagunak, baina hauts hori izarrena balitz?». Planteamendu horrekin sortu zuen Ixabel Milletek “Izarren hautsa” liburua, eta orain hortik abiatuta antzezlana sortu du. Horren bitartez asmoa «hautsa duintzea» da, «izarrak, argizko izakiak dira», eta horrela gizakiak ere argi horrekin jantzita agertzen dira.
Idazle, kontalari eta formatzaileak lehen aldiz ipuin kontaketatik harago joan nahi izan du antzezlan honen bitartez. Txotxongilo txikiak, musika, kantua eta atrezzo arinekin lagunduta, Izartxo protagonistaren ibilbidea ezagutzera gonbidatuko ditu ikusleak. «Oso fantasiosoa da, fantasia handiarekin egiten saiatu naiz, normalean kontatzen ditudan obretatik urruntzeko», nabarmendu zuen.
Izar txikiak ortzitik lurrerako bidaia egingo du, gizakia jaio aitzinean gertatzen dena irudikatuz. Haur txikiengan pentsatuta sortua izan da, baita euskaldunak ez diren gurasoengan ere, horregatik, eta istorioa hitzetik harago ulertua izan dadin, lengoaia bisuala eta onomatopeiak oso presente daude.
«Maila ezberdinetarako ulermen mailak daude; handienek istorio osoa bereganatuko dute, baina txikientzat ere pentsatua denez, horien araberako komunikazioa egituratu dut», azaldu zuen sortzaileak. Zentzu horretan Milletek hau gaineratu zuen: «Denentzat egina da, elkarrekin momentu eder bat partekatzeko, haurrak bezala gurasoak ere sentsazio onarekin gelditzeko asmoz».
Hitzaren soinuari bestelakoak gehitzen zaizkio obrari giro onirikoa eta goxoa gehitzeko. Instrumentuekin soinua eta musika sortu eta sartu ditu artistak. Kantuen artean Mikel Laboak antzezlanaren izenburu berarekin ezagutarazi zuen abestiak ere badu bere tokia.
Taula gaineko obraren bizkarrezurra liburuan agertzen den istorioa bada ere, elementu berriak ere gehituko zaizkio, liburuan aipatua besterik ez den ametsa osorik kontatzen baita. Horretarako, ipuin klasikoetara jo du idazleak. Hans Christian Andersen-en “Zapata gorriak” agertzen dira protagonistaren ametsetan. «Txotxongiloak baliatu ditut ametsa kontatzeko, asko gustatzen zaidan maitasun istorio bat da, askatasunez berrinterpretatua».
Liburua
Antzezlana oinarri duen liburua 2016ko azaroan kaleratu zuen Denenartean argitaletxeak. Milleten hitzei irudiak ezarri zizkien Maddi Irazoki margolariak. «Hitzak idatzi nituen eta Maddiri ilustrazioak egitea proposatu nion. Berak bere estetika propioa du, eta egin dituen margoak ez dira figuratiboak, emozioekin lotzen diren marrazkiak baizik», azaldu zuen idazleak.
Proiektu anitzetan ari da Millet azkenaldian. Obra berri honetaz gain, beste bat prestatzen ari da 2018an estreinatzeko. Bertan eszenatoki gainean Elirale konpainiako Arantxa Lannes izango du lagun. Dantza, txontxongiloak eta antzerkia elkartuko dituen obra honek euskal mitologia alderdi sinbolikotik jorratzen du.
Obra berri honen gaia ez da nolanahi hautatua izan, Millet bera euskal mitologian aditua baita. Kontalari bezala sarritan jorratzen duen gaia da, eta Udako Euskal Unibertsitatean azken urteotan gaiari buruzko ikastaroak eman ohi ditu.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
