Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Parean eta pareko!

Uztaila joan badoa, santuak tarteko. Santuekin jai daukagu!, esan liteke. Jaiak nonahi, biharamunak noiznahi. Urte politiko ofiziala bere azkenean dago. Hortaz, urtearen uzta bildu, paparra puztu eta iritzi publikoari saltzeko garaia da uztaila, han-hemengo erakustaldiak bozgorailu hartuta. Aurtengo berritasuna, uzta baino gehiago, uztarrian etorritako parea izan da; batetik, Bilbo ingurua babestu zuen Burdin Hesia ondare hartu berritan dabilen hemengo gobernua, eta bestetik hesi horretako langa gabeko pasabideak erasorako baliatzen dituen hango gobernua. Aldebikotasuna! esango luke batek baino gehiagok. Bai zera, kimera! parean etortzeak ez dakar pareko izaterik! Mon Dieu!

Eta uztailaren amaieran irteera operazioa albiste. Hilabete barru itzulera operazioa izango den moduan. Hau kolpea! Presoen inguruko bide-mapan aldi bereko operazioak beharko lukete izan irteerako eta itzulerako horiek. Tira, harira! Abuztua gero eta gertuago. Politika den lur-eremu horretan apenas emaitzarik nahikoa hila den horretan, udako ohiko sugeak prentsan eta ohiko suteak landan baino ez. Ez da harritzekoa euskararen batean agorrila esatea horri!

Abuztuaren azkenean hasiko dira ofizialki datorren urte politiko ofiziala berotzen, santutegiren bat erakusleiho hartuta. Ez dakit statu quo ala «statutuz quo» esan behar den, baina dena dela bete gabe segitzen duten eskumen zerrenda zaharrari hautsa kentzeko astindua emango diote orduan, beti ere arkeologoen laguntzaz. Amen.

Dena dela, horra! bihar hasiko den hori deskonektatzeko hila dela entzuten ari naiz han-hemenka. Egunerokotik deskonektatzekoa edo. Izan liteke, beti ere bestelako egunerokotasuna gogoan. Hortaz, gaur deskonektatzen badugu izan dadila biharko deskonexioa prestatzeko. Katalanek parean nahi gaituzte, eta pareko!