Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Distantziatik imajinatua!

Ez, ez naiz jai esparrura hurbildu. Aurton ere ez. Jende larregi nire behatzen gusturako. Zarata larregi nire belarrien neurrirako. Jendetza, erruz. Bazterrak ere lepo, erdiak beste. Aitor egiten dut, zin ere, aste nagusiak ez dira niretzat nagusi. Hala ere, distantziatik, imajinatu egiten dut esparru horretako hainbat balizko pasadizo.

Horra! Talde bat ikusten dut konpartsa itxuraz, hori izatera heldu gabe baina. Hara hurreratu, sudurrak luzatu, eta jantziek hala igartzen ez badute ere artzapezpikuz eta gotzainez osatua dela sumatu dut momentuan; hain da denbora euslea sotanaren arrastoa! Amen. Mon Dieu!

Tira, jaiaren harira! Hor doa taldea, jendetzaren ezkutuan, txosnarik txosna, begiak zorrotz, belarriak tente, plastikozko basotzarrak lepotik eskegian… taldeko batzuek tatuajea paparrean, piercinga belarrian besteek. Txosna batetik bestera, adi-adian.

Zera pentsatu dut halako batean, tortillen arrautzak ikuskatzen egongo ote dira? Pestiziden arrastoa ote duten? Ez, ez dirudi, sukaldeari baino arreta gehiago jarri baitiete txosnetako irudiei. Eta han dabil taldeko txikerrena, esku-libreta batean etenik gabe notak hartzen, altuen diren biak txosna atzean dutela selfieak egiten ari diren bitartean, etenik gabe hauek ere.

Zerrendan hurrena den txosnara hurreratu eta hara! kawenka eta biraoka hasi dira aho batez taldeko den-denak, aurreko txosnan notak hartzen segitzen duena izan ezik. Zer da hau? Eta hantxe aurrean denon begi bistan Vatikanoko harategien iragarkia, izaki ugaztun baten gorputza bere zatitan azalduta.

Aitarena egiten hasi dira, sinkronizatuan, disimulurik gabe. Zelan da posible? Onartezina da! Haragi hori labelduna da eta ez dute jarri! Eta haserre antzera joan dira alde zaharrean daukaten pisu turistikora… eta biblia tiraderatik atera!