Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ontziolak «boto-ontzitan» hasiko!

Ez, honetan behintzat kausa ez da globalizazioa. Gurean udaren amaiera eta urte politikoaren hasiera dakartzana Kontxako Bandera da, zalantzarik gabe. Istilurik sortzen ez duen bandera bakarra, itsasoan jokatzen denez eta udaletxeko balkoian ez denez...

Rentrée esaten diote gure iparrean den Estatuan, udaldi ofiziala igarota ohiko normalkeriarako bueltari. Gure behean den Estatuan ez dakit zelan esaten dioten; Vuelta ez dut uste, horrek mendian gora esfortzuak eta mendian behera teknika eskatzen baititu… eta hori ez dago “zezenbide-estatu” horren eskura, Kataluniarekin itsututa.

Eta gurean ez den Estatuan? Jelkideek hasi berria dute urte politikoa, kiroldegi batean hasi ere! Bai, gerri politikoa bizkortzeko leku aproposa; hori bai, etengabe saiatuz gero.

Behin uda ofiziala joanda, eta udako kantu ofiziala berarekin eroanda, baten batek esperoko luke San Inazio eguneko «astiro-astiro» kanta-hitzak aldatu eta erritmoa behintzat arintzea. Baina gauza jakina da horien lelo harena: «esperientzia, ez esperimentua». Amen. Mon Dieu!

Katalanek lelo hori hartu izan balute ez leudeke orain boto-ontziak txukuntzen, ezkutuan bada ere, herritarren esku-eskura jartzeko, modu batean edo bestean mugarria izango den egunerako. Catexit. Izan ere, apustuak politikan dira funtsezkoagoak kiroletan baino. Demak politikaren probalekuan gauzatu behar dira, idiak behingoz larrean bazkan utzita. “0 Km” apustuak, osasunez.

Eta urruneko munduetan zer? Mekan ez bide dute bolardorik beharko, milaka bilduko badira ere, hango monarkia babes. Eztabaida beste bat izango dute han, etxe turistikoak zein solairutatik behera jarri. Profetak erabakiko! “Boto-ontzirik” gabe! Bitartean misilek segituko dute, isilean, distantziak luzatzen. Eta urakanek dakitena egiten. Eta ontziolek “boto-ontziak” egiten hasi beharko!