Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Epizentroa hor, lur-ikara han

Egia esan, amaitu den astea aspergarria egin zait, oso, albiste berrien aldetik sikiera. Eta ez pentsa, saiatu naiz zer edo zer berria aurkitzen. Baina ez, demonio! Spaineko Bueltan ere ez, bereari darraio! Tira, prentsako orri-bazterretan topatu dut zertxobait, eusteko modukoa. Hara! Ipar Koreako koronelak, gotorleku batean bilduak, irratigailu baten bueltan, Spaineko hiriburutik bota duten misilak norainoko bidea egin dezakeenaz jakin-minean entzuten… Pentagonoko koronelek twitter batean, adeitasunez, elkarlanerako deia egiten dieten bitartean, Spaineko desafioari aurre egiteko.

Hara! Karibeko kostaldetik ere Iberiari begira, adi, penintsulan sortu den urakanarena TBko saio berezietan segitzen, hiriburuko Kongresuko ateak eta leihoak, barrutik, zementu armatuaz nola itxi dituzten ikusten, hori bai, aurretik lehoiak diputatuen ganberara sartuta! Biodibertsitateaz! Erdialdeko Amerikatik ere begiak zorrotz, Pirinioek behean duten penintsulan gertatzen ari den astinketa euren hemerotekatik ezin ulertuan: lur-epizentroa Katalunian izan eta lur-ikara Madrilen sentitu! Mon Dieu!

Kolpea ere Aita Santuarena, ezustean nora eta Spainerako bidea hartuta «bidezko legeak» eskatzeko, noiz eta lehenengo eta hirugarren munduak nahastuta dauden honetan. Bigarrenaz ez galdetu, non den ideiarik ez dut eta! Tira, National Geographic usain-txakurren lan berria dokumentatzen, zerrendan paperak droga atzean utzita.

Ajuria Enean, ostera, nota ematen, twitterrez eman ere, «I Love Cat» hutsalaren pareko zer batekin. Catering? Catholicism? «I Love Aus» auskalokoa maite dut izan baitaiteke. Amen. Ihesbidea, beharbada, hemen bertan plastiko beltzen atzean ezkutatzen segitzen duen hipokrisiaren alardeaz notarik ez ateratzeko. Jakina, ezin esan «I Love Ala»! Betikoa. Total, Spain, it is pain! Eta botikan 0 km!