Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Vietnamita» gogoan, irudimena agintari!

Aspergarri egiten zait egunotan prentsa, aparteko berririk gabe. Hain aspergarri, non goizean kafea hartzea bera ere kosta egiten zaidan; pastillagatik ez balitz... Albisteen agorraldia edo. Dena dela, eta, egia esan, ez dakit zergatik, Vietnam datorkit gogora prentsa hartuta. Ez dakit ote den Bilboko mapamundian Ipar Korearen inguru hartan dagoelako, baina gogoan. Herria bera baino gehiago, vietnamita gogoan. 78ko erregimenaren aurreko erregimen garaian panfletoak ezkutuan egiteko erabiltzen genuen egurrezko traste hartaz nago, orriak banan-banan egin eta hurrengo goizaldean, oraindik tinta atzamarretan, kalez kale botatzeko, okina lanean hasi baino lehen.

Tira, orrira! Imajinatzen nago erregimen horretako egunotan katalanak dzinga-dzanga, vietnamita eskuan, han-hemenka, bakarka, taldeka, familiaka ere, balkoian, komunean, sotoan, elizako kanpandorrean, estadioan, errotondan, deltako arroz-soroan… boto-paperak egiten, Urkiolako sanantonioetan erroskillak bezala, di-da. Eta erregimen-zaleak, urduri batean, galdera zaharrei ezin erantzun eta berriak ezin eginean, egiten dakiten bakarra egiten, konstituzio-uniformea babes, tropak hara biltzen, legioaren ahuntza barne, nonahi usainka, zelataka, esku hartu nahian … bertakoek papera eskuan har ez dezaten. Zinemaldirako gidoi egokia, umeentzako barrezko fikzio-politika sailean.

Kolpea, gero, hango kanpaina zezen-plaza izandako batean hasi izana. Are kolpeago, zezenbide-estatu batentzat. Irudimena agintari! Bertsolariarena gogoan: sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Eta kolpea hor ere! Lakuako eltzea Generalitateko suan probatu! U-1 ate joka dago, batzuk ataka deserosoan utzita. Edozelan ere U-2 desberdina izango da, bestelako musikaz! Azkenean badakite hangoek «etxola» zein duten. Hemengo batzuek agur jaunatan segitzen dute. Amen.