Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Eltzea eta sua, bertakoak

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea»… bota ei zuen bertsolariak, eta behin eta berriro datorkit hori burura egunotan; egia esan, ez dakit zergatik. Baina halaxe da, esperimentua behar da, ganorazkoa betiere, denboran esperientzia izateko. Hura barik ez da hau izaterik. Are gehiago goiko politikaren esparruan, azken batez egunerokoaren traza nagusiak esparru horretan erabakitzen baitira, gaur-gaurkoz. Burujabe eta burugabe, eskumenak eta eskupenak, ondasunak eta hondamenak nahastu barik. Mon Dieu!

Tira, Kataluniaren harira! Historia egiten ari dira, jakitun. Udazkeneko udaberri iberiarra. Instituzioak eta kaleak uztarrian. Dena posiblea den erreferentzia ezinbestekoa. Modeloak erabiltzen dituztenentzat eredua. Sozio-Politika 4.0. Berrikuntzaren Nobel Saria merezi duen jendartea.

Historia eta istorioak batzen dituen lurraldea. Antisistemak instituzioen defentsan eta instituziozaleak antisistemak defendatzen. Zamaketariek kruzero arrotzekoei «bye-bye» portutik esaten. Ikasle-irakasleak biharko testuetan jasoko dena idazten. Nekazarien traktoreak hiriburuko zementuan elikagaiak sortzen. Elizak inprimategi. Gizabanako bakoitzak bere ardura duen jendartea da hura eta momentua dute hau. Etorkizuna idazten ari diren historia-egileak.

Batzuk urrunetik kontu kontari, bertokoak kalean kantu kantari. “Els Segadors”. “L´Estaca”. «Hik bultza gogor hortikan»… Votarem! Umore gabeko iraultza gorringo gabeko arrautza… Eta euskal lurretara bueltan, Ajuria Eneko maizterra ganberako pulpitutik dialogoa eskatzen, formaz sikiera otoitza eskatzen duela dirudien arren. Eta gaur eltze tartean bilduko dira urtean behineko zelaian, eltzetan handiena sutan ipini barik. Imajinatzen dut jendeak zelaian zer oihukatu duen. «In-de-bi-la-te-ra-kon-fe-den-tzia». Ama, ama! Kontzeptutan gutxi izan eta aitona haurdun!