Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Betaurrekoak graduatzeko premia!

Denboraren, eta klimaren, poderioz munduak aldatuz doaz han-hemen, bide horretan bertoko gizarte zibilak parte zuzena hartu zein ez. Baina aldatuz joan. Hara! lehenengo “Egin” haren faksimile-edizioa hartu dut eskuetan, bai tamaina arraroa! Iragarkiak beste arraro! Tira, harira, berrogei urte! Eta kolpea! «Euskadi» berba nonahi lehen orrian… GARAko irakurleen gaurko begiak mintzeko modukoa; gauzak aldatuz joan, bai gero! Eta orriko albisteen artean Generalitatekoaren gaineko bat, bera probisionalean berrezartzeko akordioarena hain zuzen ere. Are kolpe gehiago orrian bertan den editorialeko izenburuarena: «Agur!». Agur, bai, ongi etorri modura esanda orduko hartan.

Baina berrogeiak joanda gauden honetan Kataluniatik beste modu batean diote agur, ongi joan modura. Nor bere lurretan jator, burujabe, eta inguruko besteok lagun, posiblea den heinean! Han aldatuz doaz, probisionala finkatuz. Ez da denbora joana den seinale hutsa, denbora hori edukiz betetzen joan diren seinalea da. Ama, ama! Zenbat gauza dugun euskaldunok Kataluniako gizarte zibiletik eta politikotik ikasi beharra! Zenbat hango hiztunengandik ikasteko! Zer inportantea den hainbatetan ahotik pasatu aurretik ideiak buruan ondo gizentzea, kostata bada ere, gure ikuskeran zooma eta angeluhandikoa desberdinduta! “Gaur8”-k astero gogoratu legez, begiratzeko modua aldatzeak alda dezake mundua. Badugu euskaldunok betaurrekoak graduatzeko premia!

Atzo idatzia orain irakurtzen nagoen honetan ez dakit Katalunia zertan den. Seguru giroa baietz! Kale borborka. Erdiguneak eta bazterrak poz bereko uztarrian. Eta ni hemen egonda hantxe nago, kezka antzeko beldur ederrak hartuta. Hemen ere etzi hobea ekartzen ari den hango gaur hau sentitzen. Sentimendua? Hori baino gehiago da zentzua. Denbora zentzuaz betez, angeluhandikoan.