Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zati guztiak osorik egongo dira!

Gabonak heldu ote? Denbora bai arin pasatu gero! Iraila amaitu berritan eta hara! Gabonak? Halaxe pentsatu nuen lehengoan, behatzen tartekoa zizelaz askatzen nengoela, pantailan gure beheko Estatu zer horren monarka ikusi nuenean. Entzun ez, ikusi baino ez, eta hori ere urrutiko agintea hartzeko behar izan nuen denboratxoan. Handik gutxira jakin nuen Zinemaldiko kontua zela, fikzio-politika sailean pantailaratutako «erregearen diskurtsoa» filmarena.

Bada bai, egunotan kristoren zerrenda osatzen joan naiz, euskaldunok Kataluniatik ikasi beharreko gauzen zerrenda osatu ere. Katalana da lehena. Eta hasita nago hemengo editore batekin berbetan zerrenda hori zelan argitaratu zehazteko, liburu mardulean edo hiru libururen bilduman, horixe duda. Dena dela, Durangoko Azokan baietz! Bizkaian izenburua seguruenik hauxe: Bizka Katalunia!

Tira, harira! Hemengo batzuek lehengo lepotik segitzen dute, urriaren 1a joanda ere. Lege zaharrak gogoan! Bai, Gernikako Estatutua gogoan. Eta beren buru dena San Juanena egiten, gutunak noranahi bidaltzen, santuak korintoarrei egin legez. Misiolari politikoarena egin nahian, efektu bereziez «misio ezina» bidean. Erlijioak geldituta, erlojua galduta, iparrorratzak hegoa helburu … Amen.

Baina hauxe kolpea! Nork eta beheko Estatu zer horrek erraztu die hangoei Errepublikarako bidea. Izan ere, enpresen egoitza soziala lekuz arin aldatzeko atera berri duen lege-dekretu hori baliatuta Kataluniako Parlamentak arin batean erabaki dezake bere sozietatearen egoitza aldatu eta zezen-larruko formadun Estatutik aldatzea, larruan tarrat eginda. Ikimilikiliklik! Eta hori horrela ere, zer? Estatuaren osoa apurtu egingo da, zatitan; eta hori ona da, osasunez, baina hobea izango da zati guztiak osorik egongo direla jakitea!