ZORROZTARRIA

Hamaika aldatzeko gara!

Planeta honetan diren urruneko mundu askotan hilmodua aldatzen ari zaie. Hurbileko munduetan, aldiz, bizimodua da aldatzen ari zaiguna. Kanpoko unibertsoaren kosmosean zientifikoek aurkitu dituzten gertaerak albiste diren garai honetan, bada barruko kosmosean albiste izatea horiek baino gehiago merezi duen fenomenoa, hainbat politikok, are gutxiago teknologok, ikusezin duten arren. Izan ere, ikusi berri dugu “planeta” bat mundu batetik joaten. Kataluniako mundutik joan ere! Editorial batez ari naizen arren, ez ukatu fenomenoa, bere horretan, ilusionatzeko modukoa ez denik, mahai gainean jartzen baitu orain artean ezinezkotzat hartzen zena; hots, aurrerantzean munduek ez dutela zertan planeta batean egon, ez eta kontinente batean ere, nahikoa dutela lurraldea, hitza, kultura eta erabakia eskura izatea… mundu alai bizia izateko. Ganorazko unibertso bateko Mundu Batuen Elkartean eskubide osoko kide!

Kataluniako mundua ari zaigu beste munduoi ikustarazten (teknologia ez da horretarako sortua) geroa ez dela aurrez idatzia, unean une idazten dela, pertsonak helburu baino gehiago pertsonak helbide izanda… historia-egile eta historia-idazle. Pertsonak. Sozio-Politika 4.0. Zientziak galderak egiteko balio du, teknologiak erantzun batzuk emateko baino ez.

Hortaz, demokraziaz galdera berriak egiteko garai gorena den honetan, “zezenbide-estatuaren” konstituzioa eta sozialismoa teknokrazia dira: “Demokrazia 0 Km”-ko apustuari “Estatua 0.0”-ko uniforme eta togen dezibeliozko erantzun transgenikoa eman. Pikutara Estatua eta bere zenbaki tristeak!

Bizimodua aldatzen ari gara, bai. Prentsa irakurtzeko moduan, kasuko, goizean leitutako berria arratsaldean zaharra baita. Estatu harekin gero eta lotura gutxiago, osasunez. Hamaika aldatzeko gara! Eta gaurko honetan Murgoitio hau Jordi izan bedi! Osasunez, Jordi.