Jordi Murgoitio
ZORROZTARRIA

«Moltes gràcies»

Zaila egiten zait egunotan burua errei zentraletik ateratzea, albisteetan albisteena dena bazter uztea, momentu batez sikiera! Zaila baino zailagoa. Izan ere, buruak eskatu egiten dit errei horretan egotea, gain-gainean, ikasle behartua, eta aldi berean bestelako saltsetan segitzea, ikasle edota irakasle.

Total, burua bor-bor goizetik gauera, eta ametsetan berdin; hara! gaur gauekoan castellet batean nintzen, erdiko partean, non eta hemen, nire herrian! Kontuak atera! Bai, atera kontuak erbesteratu egin diren bankuetatik! Km0, horretan ere.

Albisteak ez dira inoiz hain berriak izan. Hain da berritzailea gertatzen ari den guztia! Hain da bestelako sozio-politika! Hain da buruan totem modura izan ditugun pentsamoldeen eta behatzeko talaien apurtzailea! Hain da … procés hori non gure orain arteko bideen ispiluaren aurrean paratu gaituen, autokritiko. Azken batez, lehendabiziko iraultza buruan gauzatzen dena da, bera aske utzita. Moltes gràcies.

Guk ezusteko hartzen ditugun etengabeko gertaeren sigi-sagako bide bizkor horrek gauzak argitze aldera lagundu du, batzuen eta besteen jarrerak inoiz baino argiago geratu direla. Han, hor eta hemen ere bai. Inoiz baino ispilu gehiago dira egun. Jausia da zarakarra eta zauria agerian da! Akabo mozorrokeria! Oraingoa ez da zirrikituak baliatzeko garaia, horma botatzekoa da, presarik gabe baina pausarik gabe. Irudimena agintari!

Argitasuna, hauxe orain arteko procések ekarritako ondorio bat. Hortaz, urrundik Argitasun Legea aldarrikatu aurretik, hurbilean beharko lukete batzuek behingoz argitu, norabidea baino gehiago helburua argitu. Legea argitzearen ondorio beharko; ez dadin gertatu Legeak ezarri egiten dituela argitasunaren mugak. Bizkar-zorroak ibilbidearen neurrikoa izan behar du. Hortaz, gure esku dago, gure esku dagoena behintzat.