Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tristea gero zenbakien geroa!

Zerua ilun egon arren, edo agian horrexegatik, batzuek segitzen dute aldizka izarrak banatzen, nahiz eta, politikan behintzat, bertoko produktuen sukalderako garai ona izan ez. Hala ere, izarrak banatu. Batzuen mitxelinak gogoan, berriro ere! Izarrak izar! Bai, halaxe du izena neskato batek, amarekin bizi dena, urruneko etxe behartua espetxe bihurtu dieten batean. Izan badira distantzia txikiagoan diren izarrak!

Tira, bestelako harira! Azaroaren hondarretan garen honetan zaila egiten da izarrak bere lekuan ikustea, hau da, zeru esaten den goi horretan; hiriko kaletik behintzat ikustea zaila. Landa-gunera joan behar horretarako ere; ur, elikagai edota oxigenorako legez. Izan ere, argiak hasiak dira kaleak hartzen, ohikoan baino askoz gehiago, zabalago eta, batez ere, gorago hartu ere, Gabon egunak datozen seinale. Eta hau kolpea gero! Argiok izarrak ikusten zaildu! Ematen du kaleko zerua zuhaitzen goiko argiek mugatzen dutela, kalearen zerumuga saltoki handiaren neonezko iragarkiek mugatu bezala.

Hasiak dira Gabonetan ofiziala egin duten oparien banaketarakoa prestatzen. Han, iparrean, lera prest omen dute, eta elur artifiziala egiteko kanoia ere bai, badaezpada. Beste han, hegoan, gameluak prest dituzte, urte osoan bezala, erregeek hala exijituta. Eta hemen segun eta: batzuk “paje” izatearena ezin gainetik kenduta, gameluak desfile handirako prestatzen; beste batzuk, ostera, gaztaina erre artean ikatza batzen… klimaren gerorako bidaide ona ez den ikatza.

Hara, Gabonak ohiko moduan ospatzen segituta klimarenak itxaron beharko du. Are gehiago itxaron ere aurrekontuak ohiko moduan egiten segituta. Ez, ez dira sasoi onak zenbakietarako! Ez, ez nabil aurrekontuen zenbakiez, zenbakien kontuaz baino, aritmetika parlamentarioaz eta artikuluen lotsaz. Tristea gero zenbakien geroa!