Jordi Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bada giro! Eguraldia 4.0!

Azken egunotan sarritan pasatu zait burutik ume garaiko domeketako hura. Ez, ez nago meza nagusiaz, mon dieu! Domeka goizean, aitaren eskutik, trenez alde zaharreko enparantzara joaten nintzenekoaz nago. Bai, hara joan eta plazaren arkupeetan aritzen nintzen, ume-multzotik ume-multzora, kromoak trukatzen, taldea osatzeko faltan nuen tipo haren arrasto bila desesperoan… Egia esan, jakin ere ez dakit orain zein kiroletako taldeak ziren nireak, atera kontuak!

Edozelan ere, arkupeotan hasi nintzen merkatu esaten dena ulertzen, eskari-eskaintzari dagokiona behintzat, nik eskatzen nuen kromoa arkupe haietan milaka umek eskatzen zuten bera zelako… eta eskaintza apropos hain eskasa izanda dirua inbertitu behar izan zuten nire gurasoek, treneko joan-etorrietan. Amen.

Tira, kontuen harira! Nago ni pasadizo horiek pasatu zaizkidala burutik egunotan albiste izan diren aurrekontuen kontuagatik. Pozarren dira batzuk akordio bidez «egonkortasuna» lortu delako, Egonkortasuna 4.0. Arraroa, gero, egonkortasuna ulertzeko modua, nahikoa baitute baten abstentzioa!

Hots, Legebiltzarrean zenbat eta talde gehiago pasibo agertu, orduan eta egonkortasun handiagoa! Aktibo izateak ez dakarrena pasibo izateak dakar, ene, ene! Agur aurrekontuen muineko esangurari!

Ea noiz edo noiz argitzen duten behingoz egonkortasunaren dilema: zer da egonkortu gura dutena?

Eskerrak orkestrako musikariak berriro jotzen hasiko diren, bestela imajinatzen dut Legebiltzarrean aurrekontuen osoko bilkura piano bakar baten doinupean…

Kontuetan segituta, beste kontu bat da enpresa eolikoren batzuek haizea alde ez izatea. Jakina, haizeak ez dakarrena nahi dute batzuek eraman! Tira, eguraldira! Euria, hotza… ez dela giro? Garaian garaikoa, zer demontre! Eguraldia 4.0.