Asteriskoa
Beste mende batekoak gara gu, edo, beste milurteko batekoak, oraino egunkaria paperean irakurtzen dugunak, ia inkunableak diren liburuetako orrialdeak hatzekin higatzea maite dugun irakurle aseezinak, komikien kartoi-azala ikusi orduko ametsetan hasten garen bizizaleak. Apika, ez da hau iraganeko egiten gaituena, baina jeneralizatzeko modu egokia iruditu zait. Halere, beste epoka batekoa Baionako zentro komertzial erraldoi batean sentitu naiz: haur bat atzeman dut bere kaierean marrazten, eta izarra biziki ederra dela erran diodanean asteriskoa dela erantzun dit; ea ez dudan «Asterix le Gaulois» ezagutzen gaineratu dit, eta tira, ia begi zabalik, bien arteko lotura ikusten ez nuelarik, horra hamar urtera ailegatzen ez den mutikoak nola argitu didan asterisque ikurra dela Asterix. Ai ama, ene gaztaro osoa hankaz gora! Obelix obelisko bat dela aitortu dit gero, eta ideia finkoak dituen zakur ttipia, Idefix, frantseseko idée fixe. Etxean, armairutik hautsak hartutako komiki zaharrak atera eta, hiztegia bidelagun, galiarren izenekin pasa dut arratsaldea; lira eskuetan ibiltzen den koblakari Asuranzeturixekin irri karkailak egin ditut nire baitarako, assurance tout risque erran nahi duela ohartuta, arrisku guztien aurkako asurantza. Abraracourcix buruzagia, à bras raccourcis, besoak zabalduta borrokatzeko prest dela jakin dut, eta horrela banan-banan berriro deskubritu ditut pertsonaia guztiak. Obraren sortzaile Albert Uderzo eta Rene Goscinny miresgarriagoak iruditu zaizkit horrela, eta goizeko haurra, artista hutsa.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
