Gipuzkoari keinua
Eskuz binakako Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak Oñatin jokatuko dira, eta finala, Eibarren.

Lau eta erdikoaren estreinaldiak izan zuen arrakasta oraindik erabat ahaztu gabe, eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren edizio berri bat hastear da. Aurkezpena atzo egin zuten Bilbon eta izena emateko epea –federatu lizentzia indarrean duen edozein emakumerentzat– irekia dago datorren urtarrilaren 19ra arte.
Emakumezkoen esku pilota indartzea helburu duen lehiaketa bere funtzioa ederki betetzen ari da, eta ekitaldi berri honekin beste urrats bat egin nahi dute aurrera. Horretarako, pare bat aldaketa aipagarri izango dira, nahiz eta txapelketaren oinarriak berberak izango diren. Aldaketa horien artean, mailen izendapena eta erabiliko diren pilotalekuak daude.
Mailei dagokienez, aurten ere bi maila desberdinduko dira, pilotari guztien gaitasunera moldatzeko, baina izena aldatu egingo zaie, gizonezkoetan erabiltzen diren izenekin parekatze aldera. Maila nagusiari Lehen Maila deituko zaio (lehen Elite esaten ziotena), eta koska bat beheragokoari, Promozio Maila (orain arte Lehen Maila zena).
Pilotalekuei dagokienez, antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Gipuzkoari, herrialde horretan emakumezkoen esku pilotak hartu duen indarrari erantzuna emanez. Finalerdiak Oñatin jokatuko dira eta finalak Eibarko Astelena historikoan, eta bi jaialdiak ETBk zuzenean eskainiko ditu. Hori apiril aldera izango da. Aurrez, sailkapen kanporaketak –urtarrilean, otsailean eta martxoan–, Gasteizen –Mendizorrotzako pilotalekuetan–, Larrabetzun, Markinan eta Santurtzin jokatuko dira.
Izena emateko epea zabalik dago eta nahi duenak txapelketaren webgunean egin dezake: www.emakumemastercup.eus. Promozio Mailan jokatzeko bikote moduan eman behar da izena, baina Lehen Mailan bakarka egiten dira inskripzioak eta antolakuntzak izaten du bikoteak osatzeko ardura.
Egungo txapeldunak Bilboko aurkezpenean
Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz dira egungo txapeldunak maila nagusian, eta atzo Bilboko aurkezpenean izan ziren, jada aurtengo lehiaketari begira jarrita. Iazko finalean 22-14 menderatu zituzten Nagore Arozena eta Maider Mendizabal, eta ez litzateke harritzekoa izango aurtengo partida erabakigarrietan izen horiek berriz ere errepikatzea. Lau eta Erdiko finalean, esaterako, Leire Etxaniz eta Maider Mendizabal izan ziren protagonistak, eta bizkaitarrak lortu zuen orduan ere garaipena. Promozio Mailan Alba Martinez eta Arrate Bergara dira egungo txapeldunak, baina hor errazagoa da aldaketak egotea.A.A.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
