2018/02/10

XABIER MONTOIA
IDAZLEA ETA MUSIKARIA

Batera ikusi dute argia «Hitzontziak» (Susa) eleberriak eta «Gorraizea» (Gaztelupeko Hotsak) diskoak, Xabier Montoiaren (Gasteiz, 1955) azken bi sorkuntzek. Bi lan mardul, landuak, azpimarra gasteiztarraren eraldaketarako gaitasunean eta esperimentaziorako grinean jartzen dutenak.

«Guztiok moldatzen dugu memoria, argazki horretan garen baino ederrago azaltzeko»
Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0210_kul_montoia1

Elkarrengandik hur bezain urrun daude Biteri, Oihane, Gloria eta Goietxe. Iturri tabernan harilkatzen dira euren bizitzak, lotzen dituen gertaera bat badela jakin gabe. Heriotzaren mina, bakardadea, hutsunea du hizpide Montoiak. Baita langile iraultza, drogak baina, batez ere, iraganaren zamari eusteko memoriak darabiltzan mekanismoak ere. «Bizirauteko, gezurrak kontatzen dizkiogu geure buruari», baieztatu du.

Harilkatzen diren harremanez hitz egiten du «Hitzontziak»-ek, baina iraganaren zama ere oso presente dago eleberrian. Non jarri nahi zenuen begia?

Idazten hasi nintzenean ez neukan ia ezer. Baneuzkan pertsonaia pare bat, nire belaunaldiko jendeaz hitz egiteko gogoa, eta ezer gutxi gehiago. Nobela idatzi ahala joan da sortzen.

Lau pertsonaia edo ahots osatu dituzu, bakoitza bere komunikatzeko erarekin: hitanoa, euskalkiak, puntuazio zeinuen erabilera… Kapitulu bakoitzeko horietako batek hartzen du hitza. Ez zinen irakurlea galduko ez ote zen beldur?

Iruditzen zitzaidan hori funtsezkoa zela. Irakurleak ahots bakoitza ezagutu behar zuen, nik “orain honek hitz egingo du” esan gabe. Eta, ez, irakurleei ez diet beldurrik. Irakurleak osatu egiten du nobela. Hasieran errespetu handia nien, baina denborarekin ikasi dut beste modu batera ikusten: irakurle klubak, 111 akademia... gehienetan ez naiz bat etortzen haien iritziekin eta, asko, gainera, txorakeria hutsak iruditzen zaizkit. Orduan, egiten dut ahal dudana eta gogoak ematen didana. Baina baditut konfiantzazko irakurleak, eta haiek esaten dutenaz, bai, horretaz fio naiz.

Langile borrokak eta martxoaren 3a oso presente daude. Gasteiztarra zara; gertutik ezagutuko zenuen hura guztia.

Niretzat, pertsonalki, oso inportantea izan zen; hura izan da ni iraultza batetik egon naizen hurbilena. Ez naiz Chiapasera joan, ez Nikaraguara... baina Gasteizkoa naiz eta garaiko giroa ondo ezagutzen dut, eguneroko kontua zen guretzat, epikarik gabekoa.

Gogoratzen naiz gaztea nintzenean nola ikusten nuen mundua, eta konturatzen naiz nire belaunaldia izan dela langilerian sinetsi duen azkena; langileria baina Marx-en zentzuan, zeozer koherentea bezala, proiektu historiko batekin eta abangoardia batekin. Gero, kapitalismoak irentsi eta desagerrarazi egin gaitu, edo ditu. Inork ez du jada bere burua langiletzat jotzen, zentzu historikoan. Noski, jendeak lan egiten du eta esplotatuta dago, lehen baino gehiago gainera, baina ez dago klase kontzientziarik. Bilakaera hori interesgarria egin zait beti. Baina hau ez da tesi nobela bat, batez ere galderak daude: zer egin dut nik nire bizitzan? Merezi izan du egin dudanak? Oker jokatu dut? Zuzen?

Lau pertsonaietatik hiru memoria horretatik tiraka dabiltza; laugarrenak, gazteagoa bera, beste leku batetik, errealismo gordin batetik, hitz egiten du.

Hori zen asmoa. Nobela ispilu-joko baten moduan planteatua dago; bati gertatzen zaizkion gauzen islak agertzen dira beste pertsonaiengan eta Oihanek gaur egungo errealitatea ematen die. “Zuek ari zarete zuen batailak kontatzen, garai heroikoak... baina ni hemen nago, ikasi dut eta ez dit ezertarako balio izan, hiper batean nago kutxazain...”. Alegia, bere gurasoak bizi izan direla bera baino askoz ere hobeto. Niretzat, Oihane errealitatea da. Besteena da oroimena, damua, zalantza, eta Oihanek ainguratzen du irakurlea errealitatera.

Gertaera bera ez dute inoiz berdin oroituko bi pertsonak.

Hori da. Memoria ez da gauza objektiboa, erabat subjektiboa da, eta guztiok moldatzen dugu, memoriaren argazki horretan garen baino ederrago agertzeko. Bizirauteko daukagun mekanismo bat da: txarra ahaztu edo itxuraldatzen dugu, geure buruaz pixka bat hobeto pentsatzeko, ez pentsatzeko denak putakume kuadrilla bat garela. Geure buruari komeni zaigun egia kontatzen diogu, eta uste dut nobela horretaz ere ari dela.

Pertsonaia bakoitzak du bere ahotsa. Biterirena islatzeko, berak hitz egiten duen kapituluetan ez dago puntu bakar bat.

Bakoitzak eduki behar zuen bere hizkera, gauzak adierazteko modu propioa. Hori nola lortu? Nik ikusi nituen bi modu. Denek batuaz hitz egiten dute, baina batek Zugarramurdiko euskara darabil eta Biteri Urola aldekoa da eta hango kontuak aipatzen ditu. Beste biak donostiarrak dira, eta batuan egiten dute. Euskalkiez aparte, niretzat inportanteena idazkera da: batek hitz egiten du esaldi oso laburrekin, besteak kakotxak darabiltza etengabe, hirugarrenak oso esaldi luzeak, eta azkenak esaldi laburrak, baina denak positiboan. Idazle batek ahal duena egiten du dituen tresnekin, eta niri gustatzen zaidan literaturan ahots bakoitzak badu bere tonua, kolorea, erritmoa.

 

Denborak pentsaera nola aldarazten duen edo, behintzat, nahi genuenaren kontrako bidetik nola eramaten gaituen; horretaz ere badihardu eleberriak: iraultzailea drogazale bilaka daiteke, edo kapitalista.

Batez ere, hiru pertsonaia zaharrek –Oihane ez da heldu puntu horretaraino–, bakoitzak bere erara, izan dute proiektu bat, dela iraultza, ondo bizitzea… baina halako batean konturatu dira porrot egin dutela, beren ametsek huts egin dutela, barregarriak direla… Galtzaile ikusten dute beren burua eta bakoitzak kudeatu du hori ahal bezala.

Drogak ere oso presente daude.

Drogak oso inportanteak dira. Hartzen dutenentzat eta hartzen ez dutenentzat ere bai. Nire belaunaldiko guztiok ezagutu ditugu, guk ere hartu ditugu. Droga bakarra alkohola izatetik 80ko hamarkadan eskaintza izugarri zabaldu zen eta egun ere sozialki inportanteak dira. Nobelan deskribatzen den prozesua ikusi dut mila aldiz, nire burkideak izandakoekin, eta neure buruarekin, zer hitz egingo dut nik besteez! Zenbat ez ote diren bidean geratu, nire lagunak izan direnak, familia… heroinak hil ditu bi edo hiru nire familian, lagunen artean…

Eta bizipen horiek paperera trasladatzeko beharra zenuen?

(Isilunea) Beharra gehiegi esatea iruditzen zait baina, egia esan, idazten hasi eta askotan konturatu gabe hor dauzkazun “zera” horiek agertzen dira paperera. Irakurtzean, esaten duzu, “ostia, hemen zer edo zer badago”.

Leku horretatik idatzia izan arren, kontakizunak ez du kutsu nostalgikorik.

Ez, noski, hori gertatu zena izan baitzen, eta ni horren lekuko izan nintzen.

Ondo egituratutako eleberria da, gantxoa duen istorioa duena. Zuretzat, zer da funtsezkoa?

Irakurle naizen aldetik –horren ondorioz bainaiz idazle–, interesatzen zaidana hizkuntzarekiko lana da, ez hainbeste anekdota edo gorabehera bat kontatzea. Baina batzuetan iruditzen zait literatura mota hori lehorregia dela, eta orduan agertzen da gustatzen zaidan beste aldea: trama. Agertzen da Lobo Antunes, baina aldi berean Dickens; justu kontrakoa, badoa eta badator eta… Baina gehiago interesatzen zait hizkuntzarekiko lana, ahotsa, tonua…

«Hitzontziak» eta «Gorraizea» diskoa ia batera etorri dira. Diskoaren kasuan, arnasaren beharra aipatzen zenuen.

Bai, musikan –baita literaturan ere–, musika bezain inportantea edo are gehiago baita isiltasuna. Zertarako? Entzuleak edo irakurleak betetzeko hutsune horiek. Baita, nire ustez, obra batek arnasguneak behar dituelako ere. Guk arnastu behar dugu x aldiz minutuero, eta, bizitzan bezala, baita literaturan eta musikan ere.

Diskoa hari-laukotearekin egin duzu, baina hasieran orkestra bat zenuen buruan. Hori izango duzu hurrengo erronka?

Baliteke… Baina gauzak egun musikan ez daude erraz. Lehengoan, GARAn irakurri nion Morauri “Non daude entzuleak?” izeneko zutabea... Nik sentsazio hori daukat denbora guztian: ez ditut inon aurkitzen. Joaten naiz kontzertuetara eta ikusten dut zer dagoen, hamar-hogei lagun eta beharbada erdiak hizketan.

Ikuslearen beroa faltan botatzen du musikariak?

Ez Dok Amairu, Lete, Laboa… klasikoen garaia pasa eta gero hutsune bat egon zen, eta ostean hasi zen Hertzainak, Kortatu… eta bat-batean entzuleria sutsu bat sortu zen. Kontzertuak masiboak izaten ziren, jendeak kantuak zekizkien, diskoak saltzen ziren, irratietan musika programak zeuden… Musikak sozialki garrantzi handia zeukan eta azken hogei urteetan hori desagertu egin da. Egun, hogei taldeko kontzertuek funtzionatzen dute, baina musikagatik da? Ez. Funtzionatzen dute sozializatzeko topagune direlako.

Zeri egozten diozu aldaketa?

Lehen aipatu dizudan proletariotzaren desagerpen hori… Zen klase bat bere antolakuntzarekin, bere sindikatuekin, alderdiekin, mundua aldatzeko desira eta proiektu alternatibo batekin, eta hori dena desagertu egin da. Urtu. Galdu. Hori da gure mundua eta hori gara gu, kontraesanez beteak. Inor ezin da libratu horretatik.

 

«Musika, drogak bezala, zuzen doa odolera eta handik garunera. Literaturaren gozamena bestelakoa da»

«Hitzontziak» eleberria, «Gorraizea» diskoa. Kasualitatea izan da biek egungo gizartearen disfuntzioei erreferentzia egitea?

“Hitzontziak”-ek eduki ditu beste hogei izenburu gutxienez, eta gainera ez nago ziur nirea den ere (barreak). Buelta asko eman nizkion, baina ongi etorri zitzaidan, “Gorraizea”-ko musika egina nuelako orain sei urte baina hitzak ez, eta gai eta esaldi batzuk agertzen dira bietan.

Biekin batera aritzeak ez dizu buruhausterik sortu?

Beti desberdindu izan ditut eta, gainera, uste dut ondo datorkidala; musikaz nekatzen naizenean literaturara jotzen dut, edo literaturan muturreko bat hartzen dudanean, musikara jotzen dut.

 

Bakoitzaren ekarpen pertsonala ere ezberdina izango da.

Erabat. Literatura ipurdi-lana da nolabait, beharbada bost ordu pasa eta sei lerro idatzi dituzu, eta denbora berean hartu duzu gitarra eta egin dituzu hiru kanta. Musikak ematen dizu plazer berehalako bat eta, gainera, ez duzu ezertan pentsatu beharrik. Musika, drogak bezala, zuzen doa odolera eta odoletik garunera. Literaturaren gozamena bestelakoa da.

Punka, rocka, soula, elektronika… eta orain klasikoa. Erronkak gustuko...

Izugarri aspertzen naiz gauza bera bi aldiz egiteaz, eta neure burua ez errepikatzen saiatzen naiz, erraza ez den arren. Punk rolloarekin hasi nintzen, rockaren bidean egon naiz bizitza osoa eta baxua-gitarra-bateria eskemarekin funtzionatu izan dut, eta zerbait berria egiteko gogoa nuen. Bestetik, musika egitean ni naiz entzulea eta sortu nahi izaten dut niri zirrara eragiten didan zerbait. Musika egitean, idaztean bezala, ez dudalako irakurle-entzulearengan pentsatzen, ni naiz entzulea, irakurlea, eta egiten dut niretzat egokia dena. Badaude, adibidez, idazle oso onak beti liburu bera egiten dutenak, eta oso ondo iruditzen zait, baina nik ezin dut. Hurrengo nobela ez dut egingo lau ahotsekin, hori seguru. Eta hari-laukote batekin egindako disko bat ez dut errepikatuko, nahiz eta oso gustura geratu naizen. Niretzat literatura eta musika deskubrimendua dira, ez badut ezer deskubritzen aspertu egiten naiz.

Itxi duzu «Hitzontziak», «Gorraizea» ere bai. Zer egin behar duzu orain?

Nik neuk ere ez dakit. Neure burua ezagututa segur aski diskoa baino lehenago zer edo zer idatziko dut, baina ez nago seguru.A.A.

MEMORIA


«Memoria leungarri gisa darabilgu. Bizirauteko daukagun mekanismo bat da: txarra ahaztu edo itxuraldatzen dugu geure buruaz hobeto pentsatzeko, ez pentsatzeko denak putakume kuadrilla bat garela»

LANGILERIA


«Nire belaunaldia izan da langilerian sinetsi duen azkena; langileria baina Marx-en zentzuan, proiektu historiko eta abangoardia batekin. Gero, kapitalismoak irentsi eta desagerrarazi egin gaitu, edo ditu»

ARNASGUNEAK


«Musikan zein literaturan inportantea da isiltasuna. Zertarako? Entzuleak edo irakurleak betetzeko hutsune horiek. Nire ustez, obra batek arnasguneak behar ditu»