Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea
GAURKOA

Euskal sozioekonomia 2017

Hamarkada bat joan da «subprime» delako maileguen krisia lehertu zenetik. 2017. urteari errepasoa egiten hasita, badirudi zabor maileguak eztarrian trabatuta sentitu genituen egunaren bezperara itzuli garela. Ingelesez business as usual esan ohi da, soroa goldatzen duenak «betiko arrastoan» esaten du. Baina «ezer ez da berdin» eta hori kontuan hartu behar da datu baikor eta ezkorren itsasoan ikuspegia ez galtzeko: gero eta dualizatuagoa den herri batean bizi gara. Sozialki, geografikoki eta sektorialki dualizatua.

Horri erreparatuz esan daiteke urtean zehar indarrean egon den agendak nahikoa eskala argia erakutsi digula: 1) Enpresen jarduera hazkorra lehen lerroan, nahiz eta hazkundea sektore gutxi batzuen eskutik etorri; 2) Enpleguaren eta kontratazioaren bilakaera baikorra gorestea, egoera kritikoa izan arren; 3) Ekonomiari lotutako erregulazio administratiboak negoziatzea aurrekontu publikoak gizendu aurretik eta 4) Azpiegitura planak lehen lerrora ekartzea hazten doazen baliabide publikoak enplegatzeko.

Gertaerak baloratzen hasi aurretik azpimarratu beharrekoa da, agenda sozioekonomiko nagusiak gogor finkatzeko joera izaten badu ere, 2017an zenbait gertaera blokeo horri gailendu zaizkiola. Besteak beste, Bizkaiko egoitzetako langileen borroka luzeari esker prekaritatearen arazoa temati agertu zaigu begien aurrean, irakasleek gastu publikoaren orientazioa auzitan jarri dute eta Kataluniako independentistei esker Espainiako Estatuarekiko mendekotasunak dakarren autogobernu maila badaezpadakoa dela ikusi dugu.

Enpresa jarduerari dagokionez, dinamismo ekonomikoa indartu den aldetik hazkunde urtea izan da. Emaitza hobeak, kontratazio berriak, inbertsio eta helburu berriak. Beraz, egitura produktiboa berritzeko eta indartzeko bidean ikusi dugu 2017an, eta albiste baikorra da, inondik ere. Baina joera indartsu horrek ez dio iskin egin egungo egitura produktibo askoren ahuleziari (esaterako herri honekiko konpromiso maila). Siemens edo Edesan gertatutakoak horren adibide. Berrikuntza panelaren datuek, halaber, esan digute enpresa txiki eta ertainetan ez dagoela behar besteko transferentzia beren erronkei erantzuteko. Beraz, urtea galdera garrantzitsu bat erantzun gabe joan da: euskal egitura produktiboa garai berri baterako trantsizioan murgildu da, ala ez? Enpresa handien patronalak enegarrenez bere baldintzak ezarri dizkio herri honi, formakuntza maila jakin batzuen gabezia leporatuz edo fiskalitate mailan diru bilketa publikoaren aurretik enpresen mozkinak jarri behar direla ezarriz. Automozioa da bizi dugun hazkundearen eragile nagusietako bat. Honek berarekin dakar galdera: nork erabaki du hau dela eredu egokiena? Izan ere, egun industriaren dibertsifikazioa krisiaren aurretik baino apalagoa da eta horrek ondorio sozialak eragiten ditu (korporatiboki eta geografikoki kontzentratua, jabegoa oso nazioartekotua, eta lantalde maskulinizatua) etorkizunari begira monokultibo orok duen arriskua handitzen du. Gure herriaren egitasmo produktiboa modu integralean egoera berri baterantz abiatu dela esaterik ez, nahiz eta txinparta garrantzitsuen lekuko izan garen. Eusko Jaurlaritzak 2016an adierazitakoa betez CAFen kapitalean parte hartzeko erabakia gauzatu du. Urrats bakarra baina esanguratsua, aipatu dugunagatik: herri honek egitasmo produktiborik izango badu eta hemen erabakiko bada,¸bide horretan konpromisoak hartu behar dira.

Enpleguak eta kontratazio indizeek ere hobetzen jarraitu dute jarduera ekonomikoa indartzearekin batera. Krisiaren urte gordinenetan desegin ziren enplegu gehienak kalitatezkoak eta maskulinoak ziren bezala, egoera berrian gorpuzten ari den lan merkatuan prekaritatea zeharo instalatu dela jabetu gara. 2017an enplegu berri prekarioenak emakumeentzat izan dira eta enplegu berri txukunenak gizonezkoentzat, sektoreka dagoen segregazio sexuala dela medio. Gauzak horrela, adin eta sexu segregazioa egonkortzen ari da gure lan merkatuan, nahiz eta fenomeno hauek forma berriak hartzen ari diren, esaterako, lan intentsitate baxuen hazkundearekin. Europa mailan Euskal Herria buruan doa lanaldi partzialen proportzioan eta horrek, halaber, ezkutatu egiten du esan berri duguna: egun enplegua izateak ez duela bermatzen duintasunez bizitzeko diru sarrerarik. Urte hasieran EAE mailan sindikatu nagusiek eta Confebaskek sektore arteko ituna egin bazuten ere, euskal hitzarmenek ez dute lehentasunik izan. Espainiako Estatua lan kostuak apalen dituena izaki, horri lotuta doaz lan hitzarmen berri ugari. Estatu mailako negoziazio eremuaren aldeko gertaerek argi adierazi digute estatalizazioaren aldeko estrategia oso bat dagoela martxan eta indargabetua izatetik urrun dagoela. Ikusi nahi duenarentzat bistakoa da Espainiako lan harremanek ez dutela jendarte osasuntsu bat eraikitzeko oinarririk ekartzen, langileen produktibitatea eta enpresen mozkinak inoizko hoberenak izan arren.

"Macron legeak" Ipar Euskal Herrian hamaika protesta eragin badu ere, lan merkatuaren eta lan harremanen eremuan enpleguak gero eta babes txikiagoa du. Hamarkada bat beranduago bada ere, Frantzia Espainiako Estatuaren bidetik lerratzen ari dela ikusteak bizi dugun egoera luzerako datorrela jabetzeko balio izan digu. Espainiako Estatuaren mailara iristeko, ordea, oraindik bide luzea du. Izan ere, gutxieneko soldatak bikoitza izaten jarraitzen du eta babes sozialeko sistema arras garantistagoa da. Gutxieneko soldataren errebisioa Madrilen zuzendaritza duten alderdi, patronal eta sindikatuek sinatu dute abenduan; esan daiteke Ipar Euskal Herrian dagoenaren erdia ezarri zaigula Hego Euskal Herrian. Horrelako erabakiek gure egoerak eskatzen duenetik urruntzen gaituzte.

Diru bilketa publikoak ere hobetu egin ditu emaitzak indarraldi ekonomikoaren eraginez. Ingurumari horretan, ordea, egoera berriari neurria hartzen lehenak enpresak izan dira. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hitzarmen fiskal berriaren gaineko eredua proposatu ez eze, behartu ere egin dutela esaten da, eta hortik diru bilketa publikoaren hazkundea murrizteko bidea jarri. Ziur aski, gertaera honetan dago hurrengo hamarkadan pisu handiena izango duen 2017ko gertaera; izan ere, baliabide publikoak haziz egoera berriei aurre hartzeko planen oinarria jarri ordez, diru bilketa murrizteko aukera duen bidea hartu baita. Eta horrela ezin herri burujabe moduan politika publiko berririk finantzatu, demagun pentsio sistema propioa, formazio sistema indartsuagoa edo eraldaketa lekarkeen berrikuntza sistema.

Ingurumari horretan ulertu behar da Hego Euskal Herrian Estatuarekin sinatutako hitzarmen ekonomikoen berritzea. Hau da, autogobernua hornitzeko doi-doi balio izango dutenak, baina burujabetza indartzeko proiektuak finantzatzetik urrunduko gaituztenak. Azken batean, Estatuak 2017an erakutsi du hitzarmena berak nahi duenean berritzen dela eta nahi duenean bakarrik betetzen duela. Eta konforme ez dagoenak hor du Kataluniako adibidea, kontra eginez gero zer datorkion jakiteko. Laburregi esan badugu ere, hitzarmen ekonomikoen berritzea Kataluniako burujabetzaren aldeko olatuaren erdian gertatu izanak estatuaren premia agerian jarri du, baina bere metodologiak estatuarekiko harremanak ezin modu tragikoagoan markatzeko oinarriak jarri ditu.

Egungo autogobernu mailari eusteko premian adostasuna aho batez izan den arren eta egungo eredua oso mugan dagoela ikusi arren, euskal orubean oso modu interesatuan sustatutako tentsioek ez dute aukerarik eman ikusten diren muga horiez eztabaidatu eta aukera berriez gogoeta egiteko. Nahiz eta horren beharra ageri-agerian egon.

Beraz, 2017. urteak bide zaharretik jarraitzeko ahalegina egin badu ere, azpimarratzekoa da gertaeren ohiko jarioak egoera berri baten irudi nahiko osoa utzi duela Hego Euskal Herrian: dena lotuta eta ongi lotuta Erresumak bere betiko eraketa gorde dezan, bai gastu publikoan, bai lan harreman eta bizi baldintzetan, bai tokiko estrategia sozioekonomikoen garapenean. Bide horretan aurrerapen gutxi eta mendekotasun handia.