GARA
BARTZELONA

«Handia», «Converso» eta «Bi txirula», Katalunian sarituak

“Handia”, “Converso” eta “Bi txirula” euskal filmek Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldia.Cat euskal zinema jaialdiko Urrezko Txapela sari bana jaso dute. Sariak banatzeko ekitaldia igande gauean egin zuten.

Horrela, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduriko “Handia”-k jaso du fikziozko lanik onenarentzako Urrezko Txapela. Filma «desberdintasunaren eta desberdin izatearen esanahiaren gorespen magiko eta hunkigarria» dela nabarmendu du epaimahaiak.

Dokumentalen sailean, David Arratibelen “Converso” lanak irabazi du Urrezko Txapela, «zinema-hizkuntzaren erabileragatik eta kontrako norabidean doan istorioa islatzeagatik: fededun bilakatzen diren pertsonaiak, hain justu kontrakoa gertatzen ari den momentu historiko batean».

Azkenik, “Bi txirula” Iñigo Garcia Agirrezabalagaren filma izan da euskarazko filmik onenaren Azkue Fundazioa-Urrezko Txapela saria jaso duena. Epaimahaiak «proposamenaren xumetasuna» azpimarratu du, eta filmak «galderak sortzen dituen zinema estiloari keinu» egiten diola gaineratu du, «nor dira, nongoak dira edo nora doaz bezalako galderekin hausnarketa bultzatu eta mezu positiboa igortzen duelako: mundu hobe bat posible dela dioen mezua».

Hain zuzen, Blai Morell kazetariak, Barbara Destefanis BCN Sports Film Festival jaialdiaren ordezkariak, Lluis Marques aktoreak, Bruna Cusi aktoreak eta Joan Gonzalez DocsBarcelona jaialdiaren arduradunak osatu dute aurten Zinemaldia.Cat jaialdiko epaimahaia. Sariak jaialdiaren amaiera ekitaldian banatu zituzten, igandean, Girona Zinemetan.