Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aukera berrien atarian

Klima aldatzen ari gara; klimak berezkoa duen aldakortasun jatorretik harago, askoz harago aldatu ere. Hori ez da berria, nahiz eta egunero berritzat hartzen ohi dugun, errazagoa baita horrela egitea arazoari errotik eustea baino. Kontuak atera, ponentzia ere ez dauka aldaketa horrek! Gizajoa! Ez, ez nago orain klimaz, legebiltzarraz nago. Bitartean, beroketa globala esaten den hori aurrera doa, termometroaren eskalari muzin eginda. Urteak, beren batez bestekoan, beroagoak dira orain ume ginenekoak baino; eta gu hotzagoak seguruenik. Eta kolpea gero! hotzak segitzen du etxegabeak kalearen gorrian gorpu uzten, kalearen bazterrean betiere; etxegabekoen artean aberatsenak bakarrik hiltzen ditu hotzak bankuetako kutxazain automatikoetan. Paradoxa dirudien arren arazoa ez dagokio klimari etxe faltari baino, eta honen kausa lurrekoa da.

Berotu bai, pentsiodunak berotzen ari dira klima politikoaren hotza. Eta plazak hartu ere, suminduta, haserre bizian. Etorkizuna gazteena da! esaten genuen gazte ginela. Konbentzimendu handiagoz esan beharko genuke orain etorkizuna pentsiodunena dela! Eurak ari baitira egunotan behintzat ahalduntzen, portzentajearen hotzari euren beroa jartzen, politikaren zuria gorritzen. Eta, ez pentsa! Kolokan jarri dezakete pentsiodunek gaur ezagutzen dugun sistema sozioekonomiko zakarra!

Grebara joz gero, amama-aitaitek biloben bizkartzain izateari utzita, zer gertatuko? Pentsatu ere ez dut egin gura! Aita-amek lanaldia murriztu beharko lukete, aitek gehiago amek baino, arrakala estutze aldera, alaba-semeak eskolaz kanpoko joan-etorrietan laguntzeko: musika dela, danborra dela, trapezioa dela, txinera dela, dantza dela… ondorioz BPGa behera etorriko… hondamena, batzuentzat, bai, baina ondasuna beste batzuentzat. Eta klimarentzat aukera berriak zabalduko ziren…