Idoia ERASO
BAIONA

«Zazpi senideko», artisten anaitasun bizipenak agertokira daramatzan obra

Ander Lipusen zuzendaritzapean, Ximun Fuchs eta Manex Fuchs igoko dira taula gainera anaitasunari buruzko antzezlana aurkezteko. «Zazpi senideko» obraren estreinaldia martxoaren 8an eginen da Larzabaleko Larrezabal gelan. Obraren izenburuan aditzera ematen den bezala, zazpi dira beren testigantza eman duten artistak: Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñat Castagnet.

«Anaitasunaren funtsaren funtsa agertzen du ‘Zazpi senideko’-k», baieztatu zuen Manex Fuchs aktoreak antzezlanaz. Bi anaiek bi hamarkadatik gora daramatzate elkarrekin lanean, baina obra honekin zerbait berezia egin nahi izan dute, eta berezkoa zaien gai hau hautatu dute. «Gure istorioa kontatu dugu, gure lagunen bitartez», gaineratu zuen aktoreak.

Kolaborazio bila zortzi lagunengana jo zutela azaldu zuen Ximun Fuchsek: «Lekukotasunen xerka joan ginen anaitasunari buruz mintzatzeko, eta haiek idatzi zutena guk berridatzi genuen. Behar genuen bide bat atzeman pribatutik intimora pasatzeko, eta aldi berean denentzat izateko». Zazpi lagunek beren esperientziak kontatu zizkieten, eta Igor Elortzak «orokortasunean koherentzia ematen» lagundu ziela gaineratu zuen: «Gainazal bakar bat eman diogu mami guzti horri».

Zuzendaritza lanaz arduratzeko ere lagun batengana jo zuten bi anaiek, Ander Lipusengana: «Elkarrekin idatzi dugu istorio bat, non azkenean gehiago hitz egiten den ausentziari buruz. Anaitasuna puskatua dagoenean, nola bizitzen den apurketa hori». Presondegiak, auto istripuek edo gaixotasunak kendutako neba-arrebek utzitako hutsunea agertzen da.

Ximun Fuchsek gabezia horrek agerian uzten duen «senidetasunaren indarra» azpimarratu zuen: «Gu eta gutarrak erraten delarik, gutarrak horren gibelean izaera bat, kultura bat, mundua ikusteko era bat bada, eta entseatu gara hori zortzi pertsonarekin kontatzen».

Erritualak

Zazpi testigantzak bananduta agertzen dira, eta kapitulu bakoitza besteetatik bereizteko «erritual bat» egiten dutela azaldu zuen Lipusek. Lehen zatian kartzelari loturiko hiru kontakizun agertzen dira, eta «gure garaiari edo momentu historikoari lotua» dela nabarmendu zuen zuzendariak; zentzu horretan, torturari ere tokia egin diotela baieztatu zuen. Bigarren atala aitzin, gogoetarako eta irri egiteko parada ematen duen tarte bat bada, non bi aktoreak elkarrekin mintzatzen diren.

Zazpi kontakizunetan agertzen diren pertsonaia guztiak, batere karakterizatu gabe interpretatzen dituzte bi anaiek: «Jokoak ahalbidetzen du istorioetako pertsonaiak egitea, neskak edo mutilak izan. Magikoa den zerbait kontatzen dute».

Magia hori bestelako ikus-entzunezkoen bitartez lagundua agertzen da. Eñaut Castagnetek egin ditu bideo gehienak, eta obraren istorioaren baitan kokatzen den bere kontakizuna ere lengoaia horren bitartez kontatzen du. Bukaeran argazkiek eta kantu batek obra borobiltzen laguntzen dute.

Axut! kolektibo sortu berriarekin batera Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain konpainiak daude antzezlan honen sorreran. Aste honetako aurkezpenen ondoren, Euskal Herrian zehar bira eginen dute. Hurrengo datak martxoan bertan izanen dira, Eskoriatzan 18an, Kanbon 27an, eta Baionan 28, 29 eta 30ean. Ekainera bitartean beste hitzordu batzuk ere finkatuak dituzte, Aulesti, Baigorri, Hendaia, Donostia, Uztaritze, Azpeitia, Zumaia eta Ezpeletan.

 

Euskarazko arte eszenikoak garatzeko sortu da Axut! kolektiboa

Axut!-ek aktoreak, antzerki zuzendariak, administratzailea, eszenografoa eta zuzendari teknikoa biltzen ditu euskarazko taula gaineko arte adierazpenak garatzeko. Le Petit Theatre de Pain konpainiak eta Hameka kultur egitasmoak elkarrekin garatu dute.

Bi egitasmo ari da prestatzen, “Zazpi senideko” eta 2019ko udazkenean estreinatuko den “Zaldi Xuria” da, non Axut!-ekin batera Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategia arituko diren. I.E.