Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Konturatzeke, zerbait pizten ari ote da?

Azken urteetan gehiegitan entzun dut Euskal Herriko gizartea lo zegoela, eta horrek ez zekarren ezer onik herri eraikuntzarako. Mobilizazio edo parte hartze gaitasuna kolokan zegoen.

Baina ideia hau errotik aldatu zait azken asteetan. Martxoaren 8an milaka emakumek euskal herri eta hirietako kaleak bete zituzten, eta 10ean 9.000 lagun baino gehiago elkartu ziren Iruñean Xabier Reyren heriotza salatzeko. Pentsiodunek astero betetzen dituzte bazterrak eta Iruñerrian 5.000 pertsonatik gora batu ziren, Altsasuko gazteen senide eta lagunak Nafarroan egiten ari diren birara batzeko. Tartean, hezkuntzan ere lanuzteak izan ditugu. Mobilizazio moldeen inguruan maiz galdetu diot neure buruari azkenaldian, eta emaitzak ikusteko daude, baina hazia bizirik dago.

Eskozian bizi izan nuen 2014ko independentzia erreferenduma, eta independentistek garaipena lortu ez zuten arren, hasiera batean espero zena baino askoz gertuago geratu ziren. Emaitza hori ez zen kasualitatea izan. Hilabeteetan egindako lanaren ondorio izan zen. Esparru ezberdinetan sortu ziren taldeak: independentziaren aldeko emakumeak, enpresariak, arrantzaleak, gazteak, nekazariak, irakasleak, osasun langileak, etorkinak, kulturgileak…

Gehiegitan bota dut faltan lan hau Euskal Herrian. Estatu baten sorkuntzan termino jeneralegien erabilera gizartearen zati handi bati arrotza egiten zaiola esango nuke, baina azken asteetako mugimenduak zerbait piztu duelakoan nago. Esparru txiki horietan eragitea falta zaigu.