Idoia ERASO
BAIONA
Elkarrizketa
KOLDO ZUAZO
HIZKUNTZALARIA

«Euskara batuaren aldekoa naiz, baina aplikazioa ez zait zuzena iruditzen»

Euskararen eta euskalkien ezagutza sakona duen Koldo Zuazo hizkuntzalariak bere lan berria aurkeztuko du astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarrean. Udalaren saria jasoko du Sarako hizkerari buruz egin duen lanarengatik, Lapurdin informazioa biltzen hilabete eta erdi egon ondoren.

Igandean hasi eta bi egunez luzatuko den Sarako Idazleen Biltzarra Ipar Euskal Herrian azken urtean argitaratu diren liburuen ezagutza egiteko tokirik aproposena da. 35. edizioko izarretako bat hizkuntzalari eibartarra izanen da, lehen aldiz iparraldeko hiru lurraldeetako euskalki bati buruzko lana egin duelako.

Zergatik hautatu zenuen Sara?

Lapurdi mendebaldeko euskara aztertu nahi nuen. Iparraldea nahiko ezezaguna da Zuberoa kenduta, berezia delako hango euskara. Lapurdiko mendebaldea landu nahi nuen, gure literatura bertan abiatu zelako. Hasieran ez neukan nora etorri, eta orduan begiratu nuen non ziren Lapurdiko ikastolak, uste nuelako ikastola bat izanez gero jende interesatua egongo zela. Pentsatu nuen literatura Lapurdin sortu bazen, batez ere Saran bertan izan zela, eta asmatu egin dut. Jendeak asko lagundu nau, Herriko Etxeak asko lagundu nau, eta oso gustura egon naiz.

Zenbat jendek lagundu zaitu hau egiten?

Askok. Beti hasten naiz adin handiko jendearekin, 80 urte ingurukoak, pentsatzen dudalako horiek direla hizkera hoberen dakitenak, eta gero hasten naiz jaisten, Saran gazteena 11 urteko haur bat izan da. Eta ikusi dut asko aldatu dela, zaharren euskara askoz hobeto ulertzen da, euskal hitz gehiago erabiltzen dituztelako, jende gaztearen euskara ulertzeko frantsesa jakin behar da. Horretaz aparte, euskara batuaren eragina handia da. Esango nuke Sarako betiko euskara hori 40 urtetik gorako jendeak bai, baina ikastolatik pasatu direnek ez dutela jada.

Etxekoa ez dute atxiki?

Ez, eta iruditzen zait ez dagoela zuzen eginda. Argi daukat euskara batua dela eskoletan erakutsi behar dena, baina uste dut hemen gauzak lasterregi eta bat-batean egiten ditugula, ez dut uste 4 urterekin erakutsi behar denik euskara batua, ikasteko denbora izango da. Uste dut 4 urterekin herriko euskaratik gertu dagoen zerbait erakutsi behar dela, eta haurrak irakurtzen hasten direnean orduan hitzak osorik nola esaten diren irakatsi. Saratar batek, eskolan ikasi beharko du «in tut» «egin ditut» dela, baina ez Hegoaldeko hitzak-eta 6 urterekin. Hegoaldeko hitzak nire ustez 11 urtetik gora ikasteko aukera izango da.

Horretarako herriko euskara ezagutzen duten irakasleak behar dira?

Bai, edo irakasle bat errespetatzen duena haurrak esaten duena. Haur batek erraten badu «gan naiz», irakasleak ez du esan behar Euskaltzaindiak erabaki duela esan behar duela «joan naiz», eta horrela esateko. Horretarako denbora izango du. Ni euskara batuaren aldekoa naiz, baina gero batu hori nola aplikatzen dugun, ez zait zuzena iruditzen.

Espero dut nire lana izatea euskararekin lan egiten ari diren irakasleentzat, kazetarientzat, itzultzaileentzat…

Gramatikari dagokionez zer berezitasun ikusi dituzu?

Sarako euskara eta batua nahiko antzekoak dira. Batua Euskal Herriko erdiko euskaran dago oinarritua, eta Sarakoa nahiko gertu gelditzen da. Berezia nor-nori-nork da, hau da «eman dizut» eta «eman didate» bezalakoak esan beharrean esaten dela: «eman zaitut», «erran nauzu». Gero «nabil», «dakart» eta horrelakoak sekula ez dira erabiltzen, beti da: «ibilki naiz», «eramaki dut», «ekarki dut», «egoki naiz» eta horrelakoak.

Hortik aurrera nahiko erraza izan da, eta horregatik hiztegi zabal bat egitea erabaki nuen, erraza zelako, eta beste aldetik ezagutu dudalako jendea ondo hitz egiten zuena euskaraz.

Hiztegi zabal horretan zer aurkitu dezakegu?

Saran erabiltzen diren 4.236 hitz; batzuk orokorrak dira: ogi, arrain, arno… Euskal Herri osoan erabiltzen direnak. Gero bereziagoak ere bai, Sara herri nekazaria da, beraz eremu horretako hitzak agertzen dira, eta gero laguntzaileen artean arginak izan dira. Gero lagundu nauen jendeak zaletasun diferenteak ditu, erleak edo ardiak zaintzen dituzte, mekanikoak dira edo errugbia gustatzen zaie; orduan, denetariko hitzak agertzen dira.

Sarakoak bakarrik daude?

Ikusi dut Senpere, Ainhoa, Ahetzeko euskarak berdinak direla. Zugarramurdi eta Urdazubiko adineko jendeak hitz egiten du Sarakoak bezala, baina ikusten da gazte jendeak aldatu duela euskara, gehiago jotzen duela Hegoaldera eta Nafarroara, ikasten dutelako edo bizimodua egiten dutelako Baztanen.

Deskubritu dituzun hitzen artean, badago bereziki interesgarri iruditu zaizunik?

Bai, medikuntzakoak gehienbat, ez nituelako ezagutzen. Nik beti «epilepsia» esan dut, eta hemen «erortzeko min», eta konturatzen zara oso hitz erraza dela, eta ez dakit zergatik ez dugun erabiltzen. «Hemorroideak» «fikuak» dira, edo «herpesa» «basandrea» esaten da, hitz politak. Horrelako hitz asko ezagutu ditut, pozik nago Saran egoteaz.

Nola egituratu duzu hiztegia?

Jaso ditut Sarako hitzak, eta aldamenean jarri dut orokorragoa edo ezagunagoa den bat. Gero, adibide bat jartzen dut, Saran esaten den bezala eta ordaina euskara landuagoan. Hitzak errespetatzen ditut, saratarrak esaten badu «kongelaterra» uzten dut, eta kortseteen artean jartzen dut «izozkailua».

Zure hurrengo proiektua Baigorrin izanen da, nola doa prestaketa?

Hor ere, oso pozik nago, iaz Saratik joan aurretik egin nuen bilera bat hango jendearekin, eta haiei ere eskatu nien ea hiztunak topatzen zituzten, eta orain dela hilabete zerrenda bat bidali zidaten 45 lagunekin, baditut jendearen izen-deiturak. Biharamunean beste baigorriar batek, mezu pertsonal bat bidali zidan, bere etxe ondoan badagoela etxe bat hutsik, alokatu nahi banuen edo. Ez naute ezertaz ezagutzen eta laguntzen naute. Hori bihotzean gelditzen da.