Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Borondate kontua

Agian izango da zutabe honetan kontatutakoa neuk asmatutakoa dela pentsatuko duenik. Baina ez. Egia berdaderoa da.

Goazen egun batzuk atzera. Gure auzoan pakistandarrek duten frutategian nago. Duela hiruzpalau urte ireki zituen ateak. Tarteka joaten naiz, presazko zerbaiten bila gehienetan. Sartu eta bi gizonezko ikusi nituen, adin bertsukoak, 70 urte inguru. Bata bezeroa, bestea saltzailea. Behar nuen jakia begiz jo ezinda nenbilela bigarrenak ongietorria egin zidan: «Egun on, kaixo, zer moduz...».

Ez zen lehen aldia dendara sartzen nintzela. Ez zen lehen aldia hark euskaraz niri eta nik euskaraz berari egiten genuela. Naturaltasun osoz.

Metro batzuk harago, bere erosketa egiten ari zen gizonezkoa zur eta lur geratu zen. «Joño, begira nola egiten duen euskaraz. Nik hirurogei urte daramatzat hemen bizitzen eta...», esan zuen, hark ere niri zuzenduta. Gazteleraz oraingoan. «Esaten dute, bai, borondate kontua dela askotan», bota zuen, bere golkorako, baina han geundenok entzuteko moduan. «Nahi izatea ahal izatea dela diote....», nabarmendu nion nik.

«Pixka bat bakarrik», ohartarazi zigun saltzaile pakistandarrak orduan. Ez zitzaion hainbesterako zenik iruditu. «Asko egiteko gai direna baino gehiago da», gaineratu nuen, bezeroak entzun zezan.

«Ondo segi, ondo bizi...», esan zidan agur saltzaileak. Han jarraitzen zuen gure herria hamarkada luzez bizitoki izan duen migratzaileak, pentsakor. Dendaren barruan utzi nituen biak. Elkarrengandik hain gertu eta hain urrun. Bi mundu ikuskera, bi sentsibilitate, bi jarrera. Hain gertu eta hain urrun.