Haritz LARRAÑAGA
LA PASSEM, OKZITANIERAREN ALDEKO KORRIKA

OKZITANIERA BULTZATZEKO KORRIKA BIDAXUNETIK ABIATU DA

LA PASSEM, «OKZITANIERAREN ALDEKO LEHEN KORRIKA» ATZO ABIATU ZEN BIDAXUNETIK ETA EUSKAL ELKARGOKO ORDEZKARIEK EMAN ZIOTEN HASIERA. 400 KILOMETROKO ITZULIA BIHAR AMAITUKO DA PAUEN.

Okzitaniera eta frantsesa uztartzen dituen Bidaxuneko lehen eskola publikoa ofizialki inauguratzeko ordezkari politiko ezagunak bildu ziren atzo Nafarroa Behereko herrixkan. Han ziren esaterako, Jean-Jackes Lasserre eta Pierre Barriere, Pirinio Atlantikoetako lehendakaria eta akademia ikuskaria.

Ez zen izan, ordea, Bidaxunen okzitanierarekin zerikusia zuen ekimen bakarra. 14.00etan La Passem abiatu zen, euskararen alde egiten den Korrika eredu hartuta lehen aldiz antolatu duten itzulia. Bi gau, hiru egun eta 400 kilometroren ostean, bihar amaituko da, Pauen, aurrerantzean bi urtean behin errepikatuko den ekimena.

Euskal Elkargoa lehena

Herriko etxea, liburutegia eta eskola publiko elebiduna, eraikin berean. Ate batetik gorbatadun gizonak eta ongi apaindutako emazteak irten ziren; bestetik, soinean elastiko horia zeramaten dozenaka haur eta haiek baretu nahian zebiltzan irakasleak. Guztiak irteera puntuan batu ziren, paradoxikoki frantsesez idatzitako pankarta baten azpian: «25 mai, Bidache, La Passem, Départ 14h».

Hiru eguneko bidaia abiatzeko prest zegoen. La Passemeko furgoneta, distantzia labur batera korrikalariak, eta bien erdian, Jean-Rene Etchegaray eta Beñat Arrabit kokatu ziren, Euskal Elkargoko lehendakaria lehena eta hizkuntz politika arduraduna bigarrena. Biek eusten zuten testigua, «Lenga Nosta», eskuz esku Paueraino iritsiko den mezu sekretua.

Bospasei urteko haur talde bat furgonetako mikrofonoa hartu eta abesten hasi zen, ekimena hastear zela iragartzeko, eta ordu biak iristear zirela, ozen ahoskatu zituzten okzitanieraz azken hamar segundoak, uèch, sèt, sièis,... tentsioa gorantz zihoan... tres, dos, un... eta orduantxe, bat-batean, korrika hasi zen berrehun bat laguneko multzoa. Hogei bat metrora zen lehen biribilgunea. Han bertan itzulia egin eta eskolara bueltatu behar izan zuten haur eskolako ikasle gaixoek.

Bidaxune eta Akamarre

Korrika jarraitu zutenen artean aurkitzen zen Jakes Bortairu, Ipar Euskal Herriko AEKko koordinatzailea; izan ere, AEK-k erositako 10. kilometroan korrika egin behar zuen. «Duela urtebete etorri ziren gugana laguntza eske eta ordutik elkarlanean izan gara. Elkar elikatzen gara eta lagungarri da», azaldu zuen euskaltzaleak.

Bidaxune eta Akamarre izan ziren La Passem ekimeneko lehen edizioak zeharkatu zituen Euskal Herriko herri bakarrak, baina okzitanierak Ipar Euskal Herriko gune askotan indar handia izan zuen sasoi batean. Egun, Biarno eta Euskal Herriaren artean 17 eskola elebidun eta okzitaniera hutsean irakasten duten 10 kalandreta eskola eta kolegio bat daude. Sarri izan dira okzitaniera eta euskara bultzatzeko ekimen bateratuak eta bihar ere izango dira Pauen korrikalari euskaldunak.