Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Abiapuntu polita, amaieran

Hemen nago, teklatuaren aurrean, gaurko zutabe horizontala nondik hasi burua borborka. Penintsula hurbilean zorrozteko moduko berririk ez eta hara! urrunera joan behar abiapuntu eskean. Hawaiin Kilauea sumendia jardunean dabil egunotan, laba nonahitik dariola; hango lurrari on egin diola! Ez, beste zerbait behar dut, abiapuntu. Italiakoa ote? Haxe bolkana, Vesuvio bera antzu uzteko kristoa! Balizko antisistemakoak eta benetako eskuin-muturrekoak eskutik, Euro-Europako sistematik kanpoko propio bat gauzatu nahian. Amen. Korea bien artekoa ote abiapuntu? Muga zergen gerra komertzial berria akaso? Mon Dieu! Murgoitio, tenplatu altzairua eta utikan hortik!

Baliabiderik gabe geratzen ari naiz. Horra! GARAn bertan irakurria gaur, “Mundua” orri berean! Goian: “Bavariako eraikin publiko guztietan gurutzeak ikusgai egon behar du”; behean: “Toki publikoetan burka erabiltzea ez du onartuko Danimarkak”. Hauxe marka! Haxe gurutzea! Hamaika zalantza datozkit burura, publiko izatea zertan den, gurutzea ez ote den kristau askoren burka… Portzierto, ez dut neure burua ikusten Bavaria hartako komun publiko batean txiza egiten, aurrean den gurutzekoa zipriztinduz. Ez dut ikusten, baina txiza egin barik ere ez nintzateke geratuko beharra sentituz gero. Behin pentsatzen hasita, hankaz gorako mundu honetan, beharbada Gurutzegintza 4.0 horren atzean basogintza sustatzea dute helburu. Tira, Bavariakoa balitz sikiera! Ez dadila gertatu baso tropikaletako egurrarekin Hego Korean egindako gurutzeak direla! Korea berriro, Mon Dieu!

Total, urrunetik hamalau gerturatu eta lau! Inguru hurbilean topatu beharko dut nire gaurko abiapuntua. Horra! Euskal Agenda! Ea! Beheko Estatuari mesedez eskatutako bileren hango hitzorduak hemen apuntatzeko agenda. Hauxe abiapuntu polita! Demontre, amaitu zait espazioa! Kawen!