Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Katean irakurgai!

Egia esan, oso gutxi erabiltzen dut nik sakelako mugikorra. Are gutxiago berak ni erabili! Okasioetarako baino ez, noizbehinka; eta deitzeko, deitua izateko baino. Hortaz, egunotan ez diet deiei erantzun, badaezpada ere. Ze, batek daki! Nik trastea hartzen dudanean «Bai!» esateko ohitura daukat, bai, eta tira!, igual derrepentean ministro egiten zaituzte!, ozeanoko plastiko arloko ministro! Ez, berrogeialdian izan dut sakelakoa, zer gerta ere! Amen! Tira, hango gobernu berriaren harira! Adierazgarria egin zait astronauta bat ministro jartzea. Bai, badakit ez dela lehenengo kasua, «Eup, la, la!» hartakoa gogoan! Ez dakit nora helduko zen orduko bidaia hartan, baina lurretik behintzat abiatu egin zen, abiatu.

Portzierto, orain berrogei urte auzoko jaietako gaueko erromerian gorantz bota nuen kolorezko jertse polit hura oraindik ez da lurrera bueltatu! Ikusia ote duzue zeuen espaziotik? Ministro berriari galdetu beharko.

Hala ere, adierazgarriena ez da astronauta bat ministro jartzea, hamaika ikusteko gara! Kanpo Harremanetarako ministro ez jartzea baino. Horixe bai arraro, beheko Estatu horrek «unibertsoa helburu-unitate» duela hartzen baitute, hango batzuek eta besteek hartu ere. Mon Dieu! Kapaz dira sozialista zer horiek Zezenbide-Estatua kanpoko espaziora esportatzeko, betiko zezenaren irudia ardatz! Katalan eta euskaldun askoren gosea seguruenik ase ez, horien haserrea seguruenik ase bai, baina gainera martetarrak berak ere deskonexio bidean bide jarriko. Mars attack!

Baikor izatera heldu gabe baina ezkor aktibo izate aldera, astronauta bat ministro izateak gauzaren bat on baduela pentsatu behar dut, jakinda ere ohiko politikan ministroek ez dutela lurra zapaltzen. Hara! handik goitik bere ederkeria osoan ikusi behar da ozeanoa plastiko konstituzionalez betea…