Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Plastiko-stocka Kantaurin

Badirudi kartatenporak politikaren eguraldira ere etorriak direla, gerora izan daitekeenaren iragarle edo. Jeltzaleak behintzat horretan ei dira egutegia eskuan, egun seinalatuetan beheko Estatuko ostarteei begira, alderdi bereko jelkideak hemengo Legebiltzarreko ponentzian bestelako eguraldi-idazkeran ari diren bitartean. Derrepentean Mao zenaren «bat bitan banatzen da» hura pasatu zait burutik. Amen. Bada bai, hor ari dira Gernikako Estatutu hartatik oraindik bete gabe geratzen den zerrenda bete nahian, noiz eta lehendik beteta zegoena bera biziberritzeko garaia den honetan.

Estatutu, estatua eta estatu; hiru hitz hamaika uste! Eta badakizu, batzuetan usteak ustel! Tira, harira! Ega ibai-ondoko Lizarrako elizaren batean gertatuak eman dit zer pentsatua: egongo ote dira batzuk Gernikako estatutua polikromia transgenikoaz zaharberritzen, noiz eta eutanasia legea bidean den honetan? Mon Dieu! Hau akabua! Herri baten ondarea zer den eta zer ez argitu beharko litzateke, hondamena eta ondasuna ez baitira gauza bera.

Total, Harley Davidson bat gura nion neure amaginarrebari oparitu bere 86rako, eta hara! dezente garestitu da egunotan, nonbait AEB horiek Europako altzairuari jarritako muga-zergek ez dute bakarrik garestitu Siberiako arroz-esne eta azafraia, baizik eta gutiziako motozikleta bera ere bai. Ez dakit zer egin, amaginarrebak ez baitu gustuko arroz-esnea!

Ama, ama! Hamaika ikusteko gara! Ez, ez nago orain telebista kateaz, nahiz eta gero eta dokumental gehiago diren gai honetaz. Ozeanoko plastikoaz nago, plastiko beltzaz zehatzago. Kantauriko gure kostan dago plastiko beltzen stock handiena, gure lehorretik itsasoratua gainera; bi sasoitan funtsean, oraingoan bata eta irailaren hasieran bestea. Tradizio kutsatzailea gurea inondik ere. Lotsagarria!