2018/07/29

Julen Murgoitio
Odolak su gabe diraki!

Hamaika jakiteko gara! Udan sikiera. Hara! Marten ura aurkitu ei dute; antzeman behintzat. Batek daki! Fake news horiena ez da politikara, ekonomiara edota erlijiora mugatzen, zientzian ere bada. Total, ur gazizko lakua omen, izotz kapatzar baten azpian. Ur biltegi horretan izaki bizidunen bat topatzea falta zaie orain zientziakoei, behin betiko albiste handi izateko; eta bide batez, zeinek jakin! Lurreko bizitzari berari zentzua emateko. Amen. Ura balizko bizigai, Marte urrunean; ura egiazko hilgai, Mediterraneo hurbilean.

Inoiz ez dut ulertu, udako ikastaroetan ibilita ere, zientziak Lurretik kanpokoa ulertzeko duen itxitasun hori. Ez eta Lurrekoa bertokoa benetan ulertzeko duen utzikeria ere. Nonbait, erlijio berrian, zientziak kanpoko unibertsoan aurkitu nahi du barneko unibertso honetan sakonetik ez ikertzeko ihesbidea. Amen. Hortaz, Mediterraneoko ura hilgai, ustez ura bizigaia izan arren; eta itsasoa bera hilerri, gurutzerik ez bada ere! Dena dela, Mediterraneoren benetako tragedia Lurrean egotea da, Marten balego…

Sua ere beste modu batean agertuko zuten hedabideek, suteak Marten izango balira. Baina Lurrean izan dira, planeta urdina ei den honetan; are gehiago, Grezia zer horretan dira, edota Portugalen beste noizbait… ekonomiak porrot eginarazitako herrialdeetan. Kalifornian ere izaten dira, baina beste trataera dute berriek, Silicon Valley ez baita haran arrunta. Total, unibertso desberdinak planeta honetatik atera gabe. Ama, ama! odolak su gabe diraki!

Basoa arnasbide, omen! Maiz minbizi baina, sutan. Zientziak azaldu beharko luke zergatik lurtarrok setatzen garen hain ganorabako izaten, batzuetan abiadura handian ere. Zientziaren soziologiak azaldu beharko luke zergatik intralurtarrok ez garen gai galdera berriak egiteko, han kanpoan erantzun zaharrak bilatu ordez…