Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
ENEKO CARRETERO
ESKALATZAILEA

«Munduko Txapelketan lortutako bigarren postua ez nuen espero»

Iragan abuztuan Moskun jokatutako Munduko Eskalada Txapelketan, 17 urteko zumaiarrak, Youth A kategorian, zilarra lortu zuen blokeko modalitatean. Eta goi mailako bigarren postu hori biribiltzeko, zailtasunean finalera pasa eta zortzigarrena izan zen. Handik bi astera, Bruselan, Europako Blokeko Txapelketan ez zuen finalera igarotzeko aukerarik izan; hamabosgarrena izan zen.

Badira hiru aste Moskun jokatutako Munduko Txapelketan, blokeko modalitatean, zilarra lepotik zintzilikatu zenuenetik. Dagoeneko lur hartu duzu?

Oraindik ez dut asko sinetsi. Eta hori diot orain dela hiru hilabete ia-ia lehiak utzi nituelako, eta orain zilar hau esku artean edukitzea… Egoera oso berezia da.

Nori eskaini zenion zilar hori?

Gehienbat gurasoei. Eta, jakina, lagunei ere bai. Hor egon ziren animoak ematen.

Lurreratu ala ez, kontua da euskal lehiakideen artean Eneko Carreterok historia egin duela. Ze hausnarketa egiten duzu?

Blokea oso aleatorioa da. Une zehatzek asko esaten eta mugatzen dute. Finean, lehia bat da. Urtea ondo ateratzen ari da, eta horrek bere eragina du. Nahiz eta ez nintzen oso fin hasi, laguntzarekin aurrerapausoak egin ditut. Lehen podiuma (blokean) ekainean egin nuen. Gero uztailean, hurrengo hitzorduan –hau ere blokean–, bigarren izan nintzen. Eta, ondoren, Moskukoa iritsi zen.

Zilarra lortzeaz gain, zailtasuneko modalitatean, finalista izan zinen. Zortzitik azkena, baina finalista. Bigarrena blokean eta finalista zailtasunean. Hori nola ulertzen da?

Ze bi modalitate horietan bikain lehiatzea zaila baino zailagoa da.Paretak zerikusia handia du, ze horma edo ze bide diren. Egia da erorikoa zuten bide laburrak zirela, eta nire ezaugarrietarako oso egokiak ziren. Blokeko lehiaren ondoren izan zen, eta nekatuta nengoen. Eta esan dizudan bezala, bide labur horiek asko lagundu zidaten. Ez nuen batere espero, ze blokeko finala jokatu eta biharamunean izan ziren zailtasuneko sailkapenak.Finalerdietan ez nuen ondo eskalatu, baina ia dena eman nuen eta finalera sailkatu nintzen. Blokean lortutako zilarrak ez zidan subidoia eman. Hori lortu ondoren lasaitu nintzen, eta lasai eskalatzen baduzu, normalean, ondo jarduten duzu.

Aurreratu dugu Munduko Txapelketa horretan blokean zein zailtasunean eginiko lana. Baina bazen hirugarren modalitate bat: abiadura. 32. postuan sailkatu zinen 8.76 segundorekin. Ze balorazio egiten duzu?

Niretzat ondo dago, besteak beste, iaz 10-11 segundo egiten ari nintzelako. Eta bi egun entrenatu ondoren aipatu duzun denbora egitea, bada, oso ondo dago. Jakina, Munduko Txapelketa batean denbora hori ez da hain ona. Uste dut entrenamendu gehiagorekin marka hori hobetu dezakedala. Orain abiadura lantzeko horma bat dugu, eta hobetzen joango naiz. Gustuko dut abiadura; jakina, horretan buru-belarri edo bakarrik jarduteko ez. Berotzeko egokia da.

Aurreko zure postu bikain horiek aztertu aurretik, oro har, ze iruditu zitzaizun Moskun jokatutako txapelketa?

Antolaketa, bideak, blokeak, maila …Maila oso handia egon zen. Blokean, adibidez, bi talde zeuden, eta niri gogorrena egokitu zitzaidan. Nire taldean hiru blokerekin igarotzen zinen beste fasera, eta bestean, agian, soilik birekin. Eta, gainera, maila altu hori ez da soilik lehen seien artean agertzen, baizik eta lehen 40en artean. Horietako edonork postu on bat lor dezake.Bloke onak jarri zituzten. Finalerdietakoak errazak ziren, eta finalean ondo zeuden. Zailtasunean, berriz, sailkapenetan eta finalerdietan bide onak jarri zituzten, eta, nahiko gaizki egin banuen ere, finalean errazak ekipatu zituzten. Eta antolaketa kristorena izan zen; oso ondo zaindu gintuzten.

Errusiako hiriburuan egungo lehiakide onenak bildu zineten. Joan aurretik, ze helburu zenituen.

Nire helburu nagusia zailtasunean ondo jardutea zen. Blokean ez nuen batere espero; ez nuen xede azpimarragarririk. Nahiz eta gezurra dirudien, blokean ez naiz bikain ibiltzen. Bueno, zehaztu behar dut: ondo moldatzen naiz, baina lehiatzen ez naiz fin ibiltzen. Eta postu irregularrak lor ditzaket: egun batean bigarren, hurrengoan hamaseigarren…

Argi dago asmo horiek aise gainditu zenituela. Blokeari dagokionez, finalera sartu aurretik sailkapenetan top guztiak egin zenituen eta finalerdietan lautik bi. Sailkapen txanda horietan, nola ikusi zenuen zeure burua?

Ez nuen halako emaitzarik espero. Sokan gehiago kontzentratuta nengoen. Agian horregatik lortu nuen zilar hori, lasai egongo nintzen [kar-kar]. Presiorik gabe.

Finalean, berriz, Sam Avezou irabazle frantziarrak bezala, lautik lau. Nola joan zen finala?

Flipatzen nengoen, lehen hiru blokeak lehen saioan egin nituelako. Eta onartu behar dut bereziki blokeak lehen ekinaldian ez ditudala egiten. Azken blokean pena hartu nuen, top-ean lehen saioan erori nintzelako. Hori egin izan banu, urrea etxean egongo zen!

Esan daiteke, beraz, oso gutxigatik urrea ez zenuela etxera ekarri. Pena duzu?

Ala lortutakoak erabat bete zaitu?Zilarrak erabat bete nau, baina uste dut egoera horretatik ikasiko dudala. Une jakin horretan lasaitu behar zara, eta ni… Pena bai, baina berdin dit.

Bestalde, zailtasunean finalista izan zinen; zortzitik azkena sailkatuta. Sailkapeneko bi bideetatik batean oso ondo jardun zenuen; bestean, aldiz, kaskar. Baina finalerdietara pasa, han ere oso ondo lehiatu eta finaleko txartela eskuratu zenuen.

Finalerdiak bukatu zirenean, neure buruari esan nion ez nuela finalera pasa nahi, leher eginda bainengoen. Baina, jakina, finalera igaro eta pozarren nengoen. Motibazioa banuen, baina oso-oso nekatuta nengoen. Berotzen jada hilda nengoen! Baina motibazioa beti hor dago.

Zailtasuneko proba baino lehen blokeko zilarra lortu zenuen. Horrek egundoko subidoia eman zizun?

Edo, nola azaldu zenezake bi modalitate horietan ondo jardutearena? Arrakasta horiek lortzeko gakoa, zein izan da?Uste dut gakoa dela Moskura oso lasai joan nintzela. Iazko Munduko Txapelketan ez nintzen batere ondo ibili, besteak beste, oso urduri nengoelako. Baina aurten kirol psikologo batera joan naiz, eta berarekin ikasi dut lasai jardun behar dudala; Munduko Txapelketa edo Euskal Herrikoa izan. Hori bai, jabetuta oso sasoiko nagoela. Egun, sasoia burua baino hobeto dut, baina onartu behar dut ere laguntza horrekin asko aurreratu dudala. Orain dela bi hilabete oso desmotibatua nengoen, lehiak ia alde batera utzi nituen, baina profesional horrekin berriro motibazioa itzuli da.

Argi dago lehietan espezialista bikaina zarela, eta emaitza horiek patrikan sartu aurretik ibilbide oparoa egiten ari zarela. Eta hori diot Europako Koparen probetan emaitza txukunak baino txukunagoak lortu dituzulako. Besteak beste, blokean bi aldiz podiumera igo zara. Zergatik erakartzen zaitu lehiak?

Egoerak gainditzea gustuko dut, denbora guztia hobetzen joatea eskatzen dizute, asko bidaiatzen duzu… Moskun bi aste egin genituen. Eta, gainera, lagunak ondoan dituzu, eta horrek asko motibatzen du.

Europako Kopan ere hiru modalitate horietan lehiatu zara. Gustatzen zaizu formatu hori? Argi dago zu espezialista zarela. Hala ikusten duzu zeure burua? Zergatik?

Ez dizut esango lehietako espezialista naizenik. Hauek alde batera uzten ditudanean, neure burua arrokan ikusten dut. Baina orain lehietan buru-belarri nago, eta overall formatu hori egokia ikusten dut. Ez zait gustatzen puntuatzeko modua, hiru modalitateetan lortutako puntuak batzen dituztelako. Hor ez duzu lehiakide osoena ikusten. Txapelketan zailtasuneko probak nahiago ditut. Eta arrokan blokea.

Bueno, Munduko Txapelketa jokatu eta bi astera, abuztuaren 31tik irailaren 2ra, Bruselan, Europako Blokeko Txapelketa jokatu zen. Mundukoan zilarra lortu eta gero, presionatuta joan zinen?

Ze aholku jaso zenituen?Pena horrela bukatzea, hamabosgarren postu horrekin. Baina kontuan hartu behar da apiriletik lehietan topera nagoela. Eta momentu batean bajoia eman behar zidan. Bruselako txapelketarako gutxi entrenatu nuen; Moskukorako, aldiz, piloa. Gainera, Europako Kopako formatua ez da oso egokia niretzat; bistan eskalatu ordez, flashean egiten delako. Aholkuak? Nahiz eta egun berarekin ez egon, saiatzen nahiz psikologo horren aholkuak betetzen. Baina zaila da, guztiz ezin ditut bete. Oraindik oso gaztea naiz. Berak esan dit asko aurreratu dudala. Miraririk ezin dut egin. Denbora dut hobetzeko.

Sailkapenetan egoera berezia bizi izan zen; izan ere, lehen zortzi sailkatuek top guztiak egin zituzten. Ze pasa zen hori gertatzeko?

Ekipatzaileek lan zaila dute, agian “errazegiak” jarri zituzten. Nik bost egin nituen. Bloke aleatorioak izan ziren, eta horiek ez dira nire ezaugarrietarako onak. Ez nintzen gustura geratu. Lehia hori da, eta egoera horietatik ikasi behar da.

Zuk, aldiz, bost egin eta 15. postuan sailkatu zinen. Badirudi zilar hori lortu eta gero, Europako Txapelketan hamabosgarrena geratzea ez dela postu on bat. Zer diozu zuk?

Ez da postu txarra. Baina Munduko Txapelketan bigarrena izan eta Europako Kopan final askotan egon ondoren, finaletik kanpo egotea ez da batere ona. Hamabosgarren postua ez dago gaizki. Duela bi urte, adibidez, Europakoan hamalaugarrena izan nintzen. Eta gustura nengoen. Eta aurten postu bat beherago, eta gaizki.

Harrigarria Avezou frantziarrak lortu duena; hots, blokeko bi txapelketa horiek irabazi ditu.

Etorkizunean, nagusien mailan, onena izango da. Ia-ia seguru nago. Moskun, zailtasuneko finalera pasa zen, eta seigarren sailkatu zen. Baina, ni bezala, oso-oso nekatuta zegoen. Bera eta ni egunero lehiatu ginen; zazpi egun jarraian. Zailtasunean soilik parte hartu izan balu, ziur naiz irabaziko zuela.

Badaramazu hainbat hilabete lehiatzen, nazioarteko federazioak (IFSC) gazteen kategorian antolatzen dituenak bukatu dira, baina oraindik datozen bizpahiru hilabeteotan Espainiako zein Euskal Herriko hitzorduetan izango zara. Ez al dira lehia eta hilabete asko? Ez al zaude nekatuta edo aspertuta?

Erabaki dut Espainiako probara ez joatea, eta, bestalde, arrokan gehiago eskalatu nahi dut. Bederatzi hilabete daramat harkaitzean eskalatu gabe. Ni harkaitzean eskalatzen hasi nintzen, eta ondoren lehietara egin nuen salto. Munduko Kopara (seniorren mailan eta zailtasunean) probatzera joango naiz. Eta Euskal Herriko bloke zein zailtasuneko hitzorduetara ziur aski bai, etxean direlako.

Tokioko Olinpiar Jokoak ate joka daude. Horiekin amesten al duzu?

Tokiora joateko sailkatzeko probak datorren urtean izango dira. Eta pixka bat zaila ikusten dut oraindik gaztea naizelako. Baina saiatuko naiz. Parisekoa hobeto ikusten dut, lau urte beranduago izango direlako.

Lehia eta lehia aipatzen ari gara. Enekok arroka erabat baztertu du?

Gehienez, pare bat hilabete harkaitzean egingo dut. Zer edo zer gogorra probatu nahi dut; adibidez, 9a bat. Orain arte, 8c lortu dut; orain dela bi urte lortutakoa. Bi urte daramat 8b baino gogorragoak probatu gabe. Blokea ere ez dut baztertzen. 7c+ gradura iritsi naiz; orain dela hiru urte eginikoa. Ez dut blokean asko eskalatu.

Beraz, amaitzeko, zer duzu gehiago gustuko: lehia ala arroka?

Egun, lehia. Argi dut datozen urteotan lehiatzen jarraituko dudala. Harkaitzean jarduteko astia izango dut.