Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSEBA BELAUSTEGI
GURASOS PLATAFORMAKO BOZERAMAILEA

«Diru publikoa desbideratzen ari da, eta herritarrek ordainduko dute 35 urtez»

GuraSOS Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak herritarren osasunean, eta bereziki umeengan, izango duen eraginengatik kezkatuta dagoen guraso taldea da. Hondakinen kudeaketan herritarren parte-hartzea bermatu asmo duen Hitzartu programan lanean dihardu.

Joseba Belaustegi GuraSOS plataformako bozeramailea ez du harritu Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) helegitea jartzeko asmoa izateak Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetuz Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak eman zuen epaiaren aurka. Instituzioak “dorretxeetatik gerran” ari direla dio, baina beraiek horma horiek behetik erauztearen alde egingo dutela iragarri du, «inertzia geratzeko garaiz gaudelako».

Frogatu duzue Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110eko gaindimentsioa izango duela. Zer ondorio ekarriko ditu horrek?

Guk kalkulua egin dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak emandako datu ofizialak aintzat hartuta, nahiz eta antzeman dugun datu horiek akatsak dituztela, industria poligonoetan jasotzen diren hondakinak ere zenbatzen dituztelako. Eurek esaten dute erraustegian 329.000 tona hondakin erreko direla urtean. Guk zifra hori doitu dugu: Europak onartu berri duen hondakinen alorreko zuzentarauak derrigortzen du 2035erako hondakinen %65 birziklatzera. Portzentaje hori eta elikadura hondakinen murrizketa aplikatuta, zifra 96.000 tonara jaitsiko litzake. Hori da, prebentzio politikarik aplikatu gabe, gehienez ere erraustu ahalko den hondakin kopurua.

Erraustegiak urtean 200.000 tona hondakin tratatzeko gaitasuna izango du, hortaz, gaindimentsioa gutxienez ere %110ekoa izango da, eta esponentzialki haziz joango da. Guk kritikatzen dugu prozesua atzekoz aurrera egin dutela. Plan bat ez da ontzen lehenengo instalazioak erabakita, eta gutxiago irizpide teknikoei jarraitu beharrean irizpide politikoei jarraituz. Erraustegiari dimentsioa emateko saneamendu lohiak eta papergintza industriaren hondakinak erretzea baimendu du Jaurlaritzak, eta Europako hondakinen alorreko zuzentarauak espresuki debekatzen ditu hondakin horiek, hau da, ez da legezkoa hiri hondakinak ez direnak erraustea. Zubietako erraustegiak zerbitzu publiko bat eskaintzen du, eta hiri hondakinak tratatzeko konpetentzia bakarrik dauka. Gaindimentsioaren eta hondakin industrialaren ondorioz diru publikoa desbideratzen ari da, eta herritarrek 800 milioi euro erabilgaitz ordainduko dituzte 35 urtez, hondakinen gaineko tasaren bidez.

Erraustegia iruzur finantzarioen bitartez eraikitzen ari direla diozue.

GHK-k ezin zuen kontraturik egin Europak onartutako zorpetzea gainditzen zuelako; orduan, iruzurren bidez zor publikoa zena pribatu bihurtu zuten. Hortaz, erraustegiaren kudeaketa pribatizatu zuten, Urbaser bezalako enpresa pribatuen bidez behar zuten finantzaketa lortzeko. Enpresak, noski, baldintzak ezarri zizkion GHKri finantzaketaren truke: erraustegia 35 urtez esplotatzea. Herritarren nahia eta erabakitzeko eskubidea 35 urtez bahitu nahi dituzte.

Gainera, kudeaketa pribatua denez, ingurumenaren gaineko kontrola galtzen da. Honek eskubidea ematen dio Urbaserri hiri hondakinak ez direnak erretzeko, legezkoa ez bada ere. Bestalde, enpresa pribatuek ez dute inongo arriskurik hartzen euren gain, nahiz eta Europak arautzen duen kontratu publiko baten kontzesioan enpresak hartu behar duela bere gain operazio arriskua. Horrek esan nahi du administrazioek eta enpresek sinatutako kontratua ez dela kontzesio publiko bat, obra kontratu soil bat baizik.

15 kilometroko erradioko eragin eremua izango du erraustegiak. Osasunari dagokionez, zeintzuk izango dira eragingo dituen kalteak?

Eduard Rodriguez Europar Batasuneko Osasunaren Arrisku Berrien batzorde zientifikoko kideari eta Fernando Palacios Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko kideari ikerketa egiteko eskatu genien, eta ondorioztatu zuten 12 substantzia minbizi-eragile, mutageno edo giza erreprodukzioan eragina izango dutenak igorriko direla. Substantzia hauen gainean ez da mugarik ezarri. Bestalde, plastikoa erre eta desegiten denean igorritako partikula batzuek beraien artean eragiten dute, eta jakina da substantzia berriak sortzen direla, baina ez dakigu zeintzuk diren substantzia horiek, ezta ere zenbaterainoko eragina izan dezaketen osasunean.

Herritarren parte-hartzea bultzatzen ari zarete Hitzartu programaren bitartez.

Programa oso aberasgarria izaten ari da. Tabakaleran 30 pertsona elkartu ziren urriaren 20an, denak profil oso anitzekoak, eta Landaberri ikastolan, erraustegiaren obretatik gertuen den hezkuntza zentroan, 200 inguru bildu ginen.

Goiz da ondorioak plazaratzeko, baina uste dut emaitzek zer pentsatu emango dietela politikariei. Bestalde, adituz osatutako Mahai Tekniko bat erraustegiari buruzko idazlan bat prestatzen ari da, eta abenduan, Mahai Teknikoaren Plana eta parte-hartze prozesua bukatzen ditugunean, dokumentazio hori guztia Batzar Nagusietan eta Aldundian aurkeztuko dugu. Beraien esku utziko dugu herritarron lana eta elkarrizketara deituko ditugu.