Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Beltzak ez garen arren

Kaledonia Berrian atzo burututako autodeterminazio erreferendumean emaitzak jakin gabe idazten ditut lerro hauek. Nork irabazi duen –independentziaren aldekoek edo kontrakoek– gorabehera, erabakitze ariketan jarri nahi dut gaur puntua. Izan ere, ez da batere ohikoa Estatu frantsesaren menpe dauden herriek era zibilizatu batean eta menderatzailearen onespenarekin erabakitzeko aukera izatea.

Autodeterminazio eskubidearen erabilera deskolonizazio prozesuetarako pentsatua dagoen tresna dela diotenei ere ez diet aurre egingo, ez bainaiz trikimailu juridikoetan aditua.

Erreferendumak aspaldiko pasadizo bat ekarri dit gogora. Iraultza frantsesaren 2. mendeurreneko oroitzapen ekintzen karietara, Estatu frantsesaren menpe dauden hainbat herritako ordezkariek ekimen batzuk antolatu zituzten Parisen, 1989an. Horien artean, Herrien Eskubideen Nazioarteko Ligak antolaturiko mahai-inguruan egotea egokitu zitzaidan. Han ziren Polinesiako, Antilletako, Reunioneko, Korsikako ordezkariak. Euskal Herritik, Txillardegi zena. Ondo gogoan dut hitza hartu zuenean, bere ateraldi txundigarrietako batean mahaikideei esan ziena: «Zuek, bederen, zorteko zarete. Beltzak zarete edota irletan bizi zarete. Edonorentzat errazagoa da ulertzea Frantziatik bereizi nahi izatea, desberdinak zarete eta metropolitik urrunekoak. Gu, aldiz, txuritxo eta kontinentalak gara, hemengoak bezalaxe eta ez dute ulertzen gure bereizteko gogoa». Harriduraz eta irribarrez hartu zituzten (genituen) hitzok.

Kaledoniarrek ez dute pazientzia makala izan, 30 urte pasa baitira azken errebolta bortitzetik eratorritako akordiotik erabakitzeko-autodeterminatzeko aukera izateko. Ez dakit guk antzeko zerbait egiteko zenbat urte pasako diren baina, beltzak ala txuriak, 17.000 kilometrotara dagoen irla batekoak edo Pirinioetako bi aldeetara dagoen lurraldea izan, garbi daukadana da herriek beren buruaz erabakitzea nahi dutenean, horretarako duten eskubidea errespetatzea nahi bada, lege baten edo besteren hegalpean, modua aurkitu daitekeela. Beraz, errespetu eta demokrazia kontua da.