GARA
BILBO

Chrysallis elkartearen jaia Donostian, ibilbide, izen eta irudi berriak estreinatzeko

Chrysallis EH transexualitate egoeran dauden adin txikikoen familien elkarteak jaialdia egingo du Donostian datorren larunbatean. «Bide berriari hasiera emateko festa» da, eta izen eta irudi berriak ekarriko ditu.

Chrysallis EH transexualitate egoeran dauden adin txikikoen gurasoen elkarteak «aro berri bat estreinatuko du bere seme-alaben eskubideak hurbiletik eta modu eraginkorrean defendatzeko helburuarekin», eta horretarako, festa giroko ekitaldia antolatu du larunbaterako, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Atzo prentsaurrekoa eman zuten elkarteko kideek Bilbon, eta zehaztu zutenez, ez da sarrerarik salgai jarriko, elkarteko familiek bete baitituzte antzokiko eserleku gehienak. Horiekin batera, erakunde, elkarte eta gizarte eragileen ordezkariak ere gonbidatu dituztela esan zuten.

Aurreratu zuten «emozioa, oroimenak, musika, bertsoak, dibertsioa, umorea, sorpresak eta ikuskizunak» bilduko dituela. Horrez gain, «lehen aldiz, zientzia, ikuskizun eta kirol munduko pertsona ezagunen» eta familien parte hartzea duen spota aurkeztuko dute.

Web orri erreferente bat

Egun 100 familia inguru biltzen dituen elkartearen «aro berriari» hasiera emateko, «adin txikiko transexualitatea ulertu eta laguntzeko nazioarteko erreferente bihurtzea» espero duten web orri «berri eta osotua» prestatu dutela adierazi zuten, eta honen aurkezpena ere larunbateko ekitaldian egingo dute.

Elkarteko kideek azaldu zuten «Chrysalliseko lurralde ordezkaritza izaera gainditu» beharra ikusi dutela, bazkideen «hazkunde handiak», eguneroko lanaren «konplexutasunak» eta EAEko eta Nafarroako berezitasun administratiboek –ezberdinak elkarren artean eta Estatu espainoleko beste legedien aldean– bultzatuta. «Lau urteotan haur eta nerabeen transexualitatearen ulermen eta laguntzan aldaketa historikoa bultzatu dugu, baita beraien eskubideen errespetuan ere, baina lan handia dago egiteko, eta hortik gure trantsitua eta berregituraketa».