Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Oroimenean eraman nazazun

Filiperi eskatu diozu erretratua egin diezazun. Eskola garaiko marrazketarako abilezia zena egungo bizibidea badu ere, ez dizkizu gaurko afaria segurtatuko lioketen txanponak hartu nahi izan eta eskerrak emateko hitz nahikorik ez dela pentsatzen abiatu zara zure aurpegia grabatua daraman oihal zatia kontu handiz helduta.

Zuri ere txikitatik datorkizun letrekiko afizioa ofizio bihurtu nahi zenuela erabaki zenuen herriari buruzko kronika zorrotz bezain eder eta triste eta itxaropentsu horiek idatzi zituen kazetaria ezagutu zenuenetik. Hitzekin mundua kontatu eta alda daitekeela ikasi duzu Kapuscinskiren liburuekin eta orain zu zara alderantzizko bidaia eginez mugak zeharkatu nahi dituena, Angolatik Europara, egunen batean liburu bihur daitezkeen kronikak idazteko leku baten bila.

Baina badakizu ez dela horrela izanen eta hargatik utzi nahi zenuen zure erretratua, Kapu-k Carlotari ateratako argazkien modura. “Txio” esaten zaion kazetaritza egiten den garaiotan zuretzako tokirik ez dagoela ondo dakizu, zure artikuluak ez direla sekula plazaratuko jakin ere, eta erretratu batek balioko du norbaitek oroimenean gorde zaitzan. Ez zarelako sekula iritsiko, zuretzat ez dagoelako “egun bat gehiago bizirik” aukera.